Eusko Jaurlaritzak 2017-2020ko Industrializazio Plana aurkeztu du, 4.0 Industriaren paradigma berria eta ETE-en premiak kontuan hartuta
- Plan honetan, Euskadi industrialagoaren aldeko apustua egin da, arlo kuantitatiboan nahiz kualitatiboan, enpresen sarea 4.0 Industriaren paradigma berrian lehiatu dadin
- Aurreikuspenen araberako aurrekontu zuzena 1.225 M €-koa da 2017-2020rako gehi abal moduan eta beste finantzaketa-bide batzuen bitartez jasotako urteko ia-ia 1.000 M euroak
Eusko Jaurlaritzak 2017-2020ko Industrializazio Plan Berria onartu du, 80ko hamarkadan hasitako politika industrialaren jarraipenean jauzi kualitatiboa emateko asmoz.
Plan hau 2020ko Euskadiko Enplegurako eta Susperraldi Ekonomikorako Esparru Programaren barruan dago kokatuta, eta lehiakortasunaren arloko ekimen guztiekin batera egin da zuzen-zuzenean; esate baterako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Plana; 3E2030 Estrategia Energetikoa; 2020ko Ekintzailetza Plan onartu berria; laster argitaratuko den Enpresen Nazioarteko Ezarpenerako Plana; 2020ko Agenda Digitala; Enplegurako Estrategia; LHko hezkuntza-planak; Unibertsitateko Plana; eta onartu berri den Garraio Jasangarrirako Plan Zuzentzailea.
Hona hemen 2017-2020ko Industrializazio Planaren 3 helburu estrategikoak:
- Industria gehiago: euskal industriak ekonomian zeresan handiagoa izatea da helburua (euskal ekonomiako BPGd-ren %25 industriari dagokiona izatea).
- Industria hobea: kalitatea eta lehiakortasuna handiagoak izatea, 4.0 Industriaren paradigma berria kontuan hartuta, industriak bere jarduketa-esparrua zabalduko duelako ekoizpena baino zerbait gehiago izateko.
- Politika industrial eraginkorra: Eusko Jaurlaritzako politika industriala modernizatzen eta hobetzen jarraitzea, programa aurreratuen eta baliabide publikoen gero eta erabilera eraginkorragoaren bitartez.
6 ARDATZ + 4.0 Industriaren zeharkako ardatza
Industrializazio Plana 6 jarduketa-ardatzen inguruan dago egituratuta, eta, aldi berean, 4.0 Industriarekin lotutako zeharkako zazpigarren ardatza ere badago.
Digitalizazioa eta zerbitzu aurreratuak oso kontuan hartzen dituen plana
Besteak beste, honako hauexek dira 4.0 Industriaren zeharkako ardatzaren helburuak: euskal industriaren digitalizazioa sustatzea, teknologiei eta negozio-ereduei begira, enpresen nahiz balio-kateen digitalizazioaren bidez; eta 4.0 Industriarekin lotutako zerbitzu aurreratuetarako profil profesionalak prestatzea.