Nazioarteko profesionalek zuhaitzak landatu zituzten Urdaibaiko Biosfera Erreserban baso autoktonoa leheneratzeko
2018/11/28
- Nazioarteko hogei profesional inguruk 100 urki landatu zituzten Muxikako basoa leheneratzeko.
Joan den azaroaren 24an, Relocation and Be Basque Dual Career Centre zerbitzuko gizarteratze soziokulturalerako jardueren baitan, Bizkaia Talentek jarduera soziokultural bat antolatu zuen Muxikan: aipatu erakundeko kideek eta goi-mailako prestakuntzadun nazioarteko hogei bat profesionalek urkiak landatu zituzten, horrela irabazi-asmorik gabeko elkarteak eragindako karbono-aztarna konpentsatzeko.
Izan ere, duela gutxi, Bizkaia Talentek eta Lurgaia Fundazioak hitzarmen bat sinatu zuten Enpresak eta Bioaniztasuna izeneko proiektua sustatzeko, Fundazioak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailarekin batera kudeatzen duena. Proiektuaren baitan, Bizkaia Talentek konpromisoa hartu zuen CO2a konpentsatzeko ekintza bat egiteko, eta horregatik landatu ditu 100 arbola.
Jardueran parte hartu zuten goi-mailako prestakuntzadun nazioarteko profesionalak hainbat herrialdetakoak dira, India, Italia, Japonia, Mexiko edo Venezuelakoak, kasu, eta estatukoak ere izan ziren. Denek garatzen dute beren lana erakunde hauetako batean: Achucarro – Basque Center for Neuroscience; Biofisika – Basque Centre for Biophysics; BCMaterials – Basque Center on Materials, Applications and Nanostructures; CIC bioGUNE; Ikerbasque, Sener eta Deustuko Unibertsitatea.
Fundazioko boluntario Javier Francok eta Cristina Jerónimok proiektuaren jatorri eta xedearen berri eman zuten, eta, lursailetan barna, bioaniztasuna kontserbatzeak eta ingurumena, habitatak, elkarturiko prozesu ekologikoak eta paisaia kudeatzeak duten garrantzia azaldu zuten. Ondoren, ia ehun urki landatu zituzten denen artean, eta, gero, ondo merezitako hamaiketakoa egin zuten, produktu ekologiko, natural eta tokikoez osatua.