Bizkaia Talentek ehun zuhaitz baino gehiago landatu ditu sortutako CO2a konpentsatzeko eta bertako basoa berreskuratzeko
- Euskal elkarteak bost zuhaitz-espezie landatu ditu Urdaibaiko Biosfera Erreserban, Relocation & Be Basque Dual Career Centre zerbitzuko nazioarteko profesionalen eta Be Basque Ambassadors programako graduondokodun ikasleen laguntzarekin.
Aurten ere, joan den otsailaren 19an, Bizkaia Talentek bertako 130 zuhaitz landatu zituen Muxikako (Bizkaia) Undabaso basoan, Urdaibaiko Biosfera Erreserba betean, elkarteak sortutako karbono-aztarna konpentsatzeko. Landaketa Lurgaia Fundazioarekin batera egin zen; izan ere, erakunde biek lurraldeko bioaniztasuna kontserbatzeko eta natura-ondarea kudeatzeko lankidetza-hitzarmena dute.
Oraingoan, Bizkaia Talentek Relocation & Be Basque Dual Career Centre zerbitzuko prestakuntza-maila handiko nazioarteko 20 profesional eta Be Basque Ambassadors programako 10 graduondokodun bildu zituen, zeinak beren zenbait seniderekin bertaratu ziren. Denek, Bizkaia Talenteko langileekin batera, bost arbola-espezie landatu zituzten: 68 haritz, 25 urki, 13 elorri zuri, 14 gurbe eta 10 astigar txiki.
Jardueran parte hartu zuten profesional eta ikasleak Kolonbia, Ekuador, Italia, Jordania, Mexiko, Herbehereak, Pakistan, Peru, Dominikar Errepublika, Turkia, Venezuela edo Espainiako Estatukoak dira jatorriz, eta, egun, erakunde hauetako batean ari dira lanean: Adesio, AZTI-Tecnalia, Basque Centre for Climate Change (BC3), BCAM – Basque Center fo Applied Mathematics, Biofisika, Idom, Ikerbasque, ITP Aero, Lookiero, Osteophoenix, Proquinorte, EHU eta Deustuko Unibertsitatea, Walter Pack Group eta Zabala Innovation.
Lurgaia Fundazioa
Lurgaia Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da, eta bioaniztasunaren kontserbazioa eta natura-ondarearen kudeaketa sustatzea du helburu: espezieak, habitatak, horiekin lotutako prozesu ekologikoak eta paisaia. Egun, Erreserban, 200 hektarea inguru kudeatzen ditu, etorkizunean basoak izan daitezen leheneratze-prozesuan daudenak.