Nazioarteko profesionalek bertoko 100 zuhaitz landatu dituzte eragindako CO2a konpentsatzeko
2020/02/19
- EURAXESS sareko hainbat kiderekin eta Bizkaia Talenteko langileekin batera, zazpi zuhaitz-espezie landatu zituzten Urdaibaiko Biosfera Erreserban
Bigarren aldiz, Bizkaia Talentek bisita antolatu zuen Urdaibaiko Biosfera Erreserbara, bertoko 100 arbola landatu eta, horrela, elkarteak eragindako karbono-aztarna konpentsatzeko. Izan ere, bi urte joan dira Bizkaia Talentek eta Lurgaia Fundazioak lankidetza-hitzarmena sinatu zutenetik Enpresak eta Bioaniztasuna proiektua sustatzeko, zeina aipatu fundazioak Eusko Jaurlaritzarekin batera kudeatzen duen.
Oraingoan, eta Relocation & Be Basque Dual Career Centre zerbitzuko gizarteratze soziokulturalerako jardueren artean, Bizkaia Talentek goi-mailako prestakuntza duten nazioarteko 15 profesional, beren senideak eta Göteborgeko Unibertsitateko (Suedia) EURAXESS sareko bi kide bildu zituen, denen artean zazpi arbola-espezie landatzeko: 27 haritz, 10 gereziondo, 13 otsalizar, 16 elorri zuri, 17 hurrondo, 7 urki, 5 ezki eta 2 ahuntz-sahats.
Fundazioko boluntario Javier Francok eta Cristina Jerónimok proiektuaren jatorriaren eta xedearen berri eman zuten, bai eta azaldu ere, lursailetan zehar pasieran, zein garrantzitsuak diren bioaniztasunaren kontserbazioa eta ingurumenaren, habitaten, horiekin loturiko prozesu ekologikoen eta parajearen kudeaketa. Ondoren, zuhaitzak landatu ostean, ondo merezitako hamaiketakoa egin zuten, tokiko produktu natural ekologikoz osatua.
Ekimenean parte hartu zuten nazioarteko profesionalak Kolonbia, India, Italia, Singapur, Tunisia edo Espainiako estatukoak dira, baina Euskadira itzulitako bertokoak ere izan ziren, eta beren lana erakunde hauetako batean garatzen dute: Banco Sabadell, BCAM – Basque Center fo Applied Mathematics, BCMaterials – Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures, Ikerbasque, Osteophoenix, EHU eta Deustuko Unibertsitatea.
IKUSI ARGAZKI GALERIA OSOA HEMEN