Bizkaia Talentek Kids & Skills plataforma aurkeztu du
2019/05/08
- Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleentzat sortua, zeharkako trebetasunen azterketa zientifikoa egiteko plataforma digitala da, munduan bakarra eta edozein ikastetxek erabiltzeko modukoa
Joan den maiatzaren 7an eta 8an, Euskalduna Jauregian, Bilbon, Euskadiko Irakaskuntza Kooperatibek beren laugarren Kongresua egin zuten, “Etorkizunari Aurrea Hartzen” lelopean. Bertan, hezkuntzaren etorkizunaren gakoak aztertu zituzten, bai eta hezkuntza-berrikuntzaren esparruko joerak ere.
Hainbat arlotako aditu garrantzitsuekin batera, Bizkaia Talenten zuzendari gerente Ivan Jimenezek hitzaldia eskaini zuen, 150 lagunen baino gehiagoren aurrean, talentuarekin loturiko trebetasunak eta garapena eragiten ari diren paradigma-aldaketaren gainean.
Jimenezek, bide batez, “Kids & Skills” plataforma aurkeztu zuen. Bizkaia Talentek Lauaxeta Ikastolarekin ―erreferentea berrikuntza pedagogikoaren esparruan― batera sortua, ikasle bakoitzarengan zeharkako trebetasunak antzematea eta horiek modu pertsonalizatuan neurtzea du helburu, hala nola lanbide-talde zabal batekin eginiko alderaketa erakustea ikastetxeetan lehiakortasuna sustatzeko funtsezko osagai gisa.
Ikastetxe eta gurasoentzat da, 11 urteko ikasleak ardatz, alegia, Lehen Hezkuntzako seigarren mailakoak. Plataforma digitalak, bide-joko erako formatuaz, zientifikoki aztertzen ditu edozein lan-jardueratarako beharrezko eta zeharkako trebetasunak. Ikasleak, hainbat erronka burutu ondoren, emaitzak jasotzen ditu, zeinak jakinarazten dioten zein egoeratan dagoen lan-jarduera bakoitzean eskatzen diren trebetasunei dagokienez, bai eta zein alderdi hobetu behar dituen ere.
Ivan Jimenez pozik agertu da plataforma berriarekin, eta azpimarratu du tresna teknologiko berritzaile honi esker bai irakasleek bai ikasleek eurek argiago izango dutela norantz bideratu lan-ibilbidea etorkizunean.
Euskadi, hezkuntza-bikaintasunaren buruan
Etikaren Aldeko Profesionalak erakundeak aurkezturiko “Hezkuntza-politikak Espainian: Hezkuntza Bikaintasunaren Rankinga 2019” txostenaren arabera, Euskadiko hezkuntza-sistema da Estatu osoko eraginkorrena, 58 adierazle baino gehiago konparatu ondoren. Horien artean, funtsezkoak dira, Euskadik hezkuntzari dagokionez bikaintasun-mailarik handiena izateko, hezkuntzako bizi-itxaropena sei urterekin, Batxilergoan graduatuen tasa gordina, Selektibitatea gainditzen dutenen kopurua, ikasteari goiz uzten diotenen tasa txikiagoa, gastu publikoa ikasleko, baliabide informatikoak eta atzerriko hizkuntzak.
Kids & Skills
Kids & Skills munduko edozein ikastetxek erabil dezake, eta ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri, dela tresna erabiltzeko hizkuntza gisa, dela erronketako bakoitza burutzeko.
Nabarmendu beharra dago Bizkaia, Araba, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastetxeetarako tarifa bereziak daudela.