Bizkaiko ahalmen handieneko unibertsitate-ikasleak prestatzeko Talentia Skillsen hamargarren edizioa, abian
2024/04/15
- Lehen mailako 182 ikaslek hartuko dute parte tokiko talentuaren garapenerako ekimen honetan datozen lau urteotan
Joan den apirilaren 10ean, Bizkaia Talentek profesionaltasunerako gaitasunen Talentia Skills programaren hamargarren edizioa aurkeztu zuen Bilboko La Perrera eraikinean. Horrela abiatu zen ekimena, helburu nagusi tokiko talentua garatzea eta egungo lan-merkaturako prestatzea duena.
Hainbat diziplina akademikotako lehen mailako 182 unibertsitate-ikaslek hartuko dute parte programan datozen lau urteotan. Horrela, lan-merkatuan asko eskatzen diren zeharkako trebetasunak garatzeko aukera izango dute, hala nola adimen emozionala, talde-lana, komunikazio eraginkorra edo lidergoa.
Talentia Skillsen barruan, talentu gazteek prestakuntza-jarduera ugari egin ahal izango dituzte, besteak beste tailer espezializatuak, bisitak sektoreko enpresa liderretara eta coaching-saio pertsonalizatuak. Gainera, profesional nabarmenekin networkinga eta interakzioa sustatuko dira, parte-hartzaileek egungo lan-panoramaren eta etorkizuneko garapen-aukeren ikuspegi integrala izan dezaten.
Aurkezpen-ekitaldian bildutako lagunen artean, Ivan Jimenez, Bizkaia Talenten zuzendari kudeatzailea; Roberta Vicente, Talentia Skillsen koordinatzailea eta talentu juniorra garatzeko zerbitzuaren arduraduna Bizkaia Talenten; Idoia Postigo, Bilbao Metropoli-30en zuzendari nagusia; Amaia Garay, Euskadiko Bide, Ubide eta Portu Ingeniarien Elkargoaren gerentea; eta Iñigo Luzarraga, programako parte-hartzaile ohia. Aipamen berezia azken horrentzat, zeinak ikasleei programan izan zuen esperientzia kontatu zien, talentu juniorra kontratatzeko orduan enpresentzat duen garrantzia nabarmenduta.
Funtsezko laguntzaileak
Talentia Skillsek, Bizkaia Talentek bideratuta eta Bilbao Metropoli-30ekin koordinatuta, EAEko hezkuntza-erakundeen eta bestelako erakundeen babesa du, hala nola hiru euskal unibertsitateena (EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea) eta bost elkargo profesional hauena: Ekonomistak; EAEko Kimikariak eta Ingeniari Kimikoak; EAEko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniariak; Abokatuak; eta Ingeniari Industrialak.