Bilbo, munduko 50 hiri-berrikuntza nagusien artean
Mikel Arrazola
- Herritarren zibersegurtasuna bermatzeko ondutako proiektuari esker, euskal hiriburua Bloomberg Philanthropiesen Global Mayors Challenge 2021eko finalista bihurtu da
- Bilbo baino ez da hautatu Estatu osoan, eta, besteak beste, Londres, Paris, Viena, Tel Aviv eta Bogota hiriekin lehiatuko da
Bloomberg Philanthropiesek iaz munduan izandako hiri-berrikuntzarik ausartenak bultzatu dituzten 50 hiriak iragarri ditu, besteren artean Bilbo; hala, 2021 Global Mayors Challenge mundu-mailako berrikuntza-lehiaketako finalista izango da. Lehiaketak hirietako ideiarik oparoenak sustatzea eta zabaltzea du xede, eta hautatu dituen 50 ideiak 29 herrialdetakoak dira; guztira, 99 herrialdetako 631 hiri aurkeztu dira.
Bilbok herritarren zibersegurtasuna bermatzeko proiektu bat aurkeztu du, zeinetan herritarren ongizate digitala hobetzeko mekanismoak sortzea proposatzen duen, Udalaren wifi-sarean antzemandako online mehatxuak identifikatuz eta blokeatuz, eta, era berean, kalteturiko pertsonari mehatxu horren berri emanez. Aldi berean, proiektuak prebentzio-konponbide hau ere badakar: herritarrentzako trebakuntza-programa baten bidez, ahaldundu eta mundu digitalean beren burua babesteko tresnak jarriko ditu haien eskura.
Mayors Challengeko finalista izaki, Bilbo Champion Phasen sartuko da orain. Lau hilabeteko fase horretan, 50 hiri finalistek beren ideiak hobetuko dituzte, Bloomberg Philanthropiesen eta berrikuntzan adituek osaturiko bere sarearen laguntza teknikoarekin. 2022an, 15 irabazleak zein izan diren iragarriko da, eta horietako bakoitzak milioi bat dolar eta proiektua ezartzeko laguntza teknikoa jasoko ditu.