Ikerbasqueren laguntzaz, % 50 hazi da Euskadiko zientzia-ekoizpena azken 6 urteetan
2018/11/28
- Euskal Autonomia Erkidegoak lehen aldiz gainditu du urteko 6.000 zientzia-argitalpenen langa.
Euskal Autonomia Erkidegoko ikertzaileen lanak 6.000 argitalpenen langa gainditu zuen 2017an, alegia, zientzia-ekoizpena % 50 hazi da, Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioaren 2018ko txostenaren arabera. Aipatu beharra dago argitalpenen % 51k nazioarteko laguntza izan dutela, eta horien artean puntako hainbat herrialdetako zientzialariak daude, hala nola Ameriketako Estatu Batuetakoak, Alemaniakoak, Erresuma Batukoak, Frantziakoak eta Italiakoak.
Txostenak dioenez, medikuntzaren alorrak argitaratzen du gehien Euskadin: 1.400 argitalpen baino gehiago; zerrendako hurrengoak ingeniaritza, materialen zientzia, fisika eta astronomia, eta kimika dira, urteko 800 argitalpen baino gehiago.
Sektoreen araberako ekoizpenari dagokionez, EHUrenak dira lanen erdiak baino gehiago, eta, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera, Euskadiko zientzia-ekoizpenaren % 61 biltzen dute. Horien ondoren, osasun- eta teknologia-zentroak daude zerrendan.
Ikerbasque, hamarkada luzea Euskadin zientzia sustatzen
Eusko Jaurlaritzak sustatuta zientzia-esparruan ikerketa garatzen laguntzeko 2007an sortu zenetik, Ikerbasquek ikertzaileen talentuaren alde egin du, mundu osoko ikertzaileak erakarriz, eta, halaber, uneren batean atzerrira jo zuten euskal ikertzaileei eta dagoeneko Euskadiko zentroetan zeudenei beren ibilbideak egonkortzeko aukerak eskainiz . Zehatzago, 2007tik 2017ra bitarteko hamarkadan, gure herrialdeko zientzia-ekoizpena % 140 hazi da, eta 48.897 zientzia-agiri eman dira argitara.