Nazioarteko profesionalek Euskal Pilota ezagutzeko parada izan zuten, Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan
2018/05/11
Joan den maiatzaren 5ean, prestakuntza-maila handiko nazioarteko hogei profesionalek, beren familiekin batera, Lekeitioko Santi Brouard pilotalekua bisitatu zuten.
Pilotaren munduko adituek, erreferentziazko pilotari ohiek eta epaileek, besteak beste, jokoaren arauak eta historia azaldu zizkieten gure profesionalei. Ondoren, eskuz binakako txapelketatxoan, majo dibertitu ziren. Garaileak txapela eskuratu zuen, bai eta kamiseta ere, oroigarri. Gero, bazkaldu bitartean, esperientzien eta iritzien berri eman zioten elkarri Euskadin ia hamarkada bat daramaten profesionalek eta iritsi berriek.
Bazkalostean, herrian zehar paseatuz, Lekeitio herri arrantzaleko paraje zoragarriez gozatu zuten, besteren artean hondartzez, San Nikolaz uharteaz, itsasargiaz eta Jasokundeko Andra Mariaren elizaz.
Nazioarteko bisitariak etorri ziren AEBtik, Indiatik, Iranetik, Italiatik, Japoniatik eta Mexikotik; estatukoak, berriz, Extremaduratik, Galiziatik eta Madriletik. Beren lana garatzen dute Deustuko Unibertsitatean, EHUn, CIC bioGUNEn, ESSBilbaon, Achucarron, BCAMen, Ikerbasquen edo Tecnalian. Jarduera-mota honen bitartez, haien arteko harreman pertsonalak eta profesionalak sustatzen dituzte, eta, hala, gure jendartearekin bat egiten laguntzen zaie.