Bizkaia Bostongo erdialdera iritsi da, Massachusettsen bizi diren euskal profesionalen partaidetza izan duen ekitaldiaren eta bileren bidez
2017/03/14
- Bizkaiko Foru Aldundia Massachusettsen garatutako misioko liderra izan da unibertsitateekin, zenbait enpresarekin eta Tecnalia zein IK4 zentro teknologikoekin batera
- Sustatzaileentzako foroa den Venture Café ezagunean, informaziorako jardunaldia egin da, Bizkaia bera eta enpresa berritzaileen sorrerarako zein talentuaren erakarpenerako dituen politikak jakitera emateko
Bizkaiko Foru Aldundia bizkaia talentekin, euskal unibertsitateekin eta lurraldeko enpresa zein zentro teknologikoekin joan da Bostonera, nazioartean ekintzailetzaren arloan erreferentea diren ekosistemetako bat sakonago aztertzeko asmoz. Misio horretako liderra foru-erakundea izan da Ekonomia eta Lurralde Garapeneko diputatua den Imanol Pradalesen bidez, eta honako hauexek parte hartu dute bertan: Euskaltel, Velatia, Cie Automotive, Cikautxo eta RETA, Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragón Unibertsitatea eta Tecnalia zein IK4 zentro teknologikoak.
Massachussetts AEBko estatu txikienetakoa den arren, oso ezaguna da bertako unibertsitateen kalitate handiagatik, eta, gaur egun, nazioarteko erreferentea da ekintzailetzaren nahiz berrikuntzaren arloan. Era berean, Bizkaiak ekialdeko kostaldean sartzeko dauzkan ateetakoa ere bada, Bizkaiko Foru Aldundiak honako hauexekin dituen hitzarmenei esker: munduko enpresa-bizkortzaile handiena den MassChallenge edo Cambridgeko Berrikuntza Zentroa. Azken horretan, hain zuzen ere, sei hilabeteko bizkorketa-programan parte hartzen duten Bizkaiko zazpi startup daude gaur egun.
BE BASQUE TALENT MEETING
Hiriko sustatzaileentzako elkargune nagusietakoa den Venture Café Bizkaiak Bostonen eduki duen enbaxada izan da ordu batzuetan. Bertan, gainera, bizkaia talenten laguntzaz antolatutako topaketa ere egin da, Bizkaiko Foru Aldundiak startupen, berrikuntzarako pizgarrien eta talentuaren erakarpenaren arloan garatutako estrategia eta politikak jakitera emateko asmoz.
Bizkaia talenteko zuzendari gerentea den Ivan Jimenezek adierazi duenez, “ezinbestekoa da nazioartean horrelako topaketak egitea, gaur egun 100tik gora herrialdetatik datozen goi-prestakuntzadun profesionalen euskal sare handieneko kideak diren 8.000tik gora lagunen artean lankidetza profesionalerako lerroak suspertu eta sustatu ahal izateko: Be Basque Talent Network”.
Hartara, honako hauexek parte hartu dute ekitaldian: ordezkari instituzionalak, enpresak, gaur egun Cambridgeko Berrikuntza Zentroan (CIC) dauden Bizkaiko startupak eta gaur egun Massachusetts inguruan bizi diren hamarnaka euskal profesional. Izan ere, Bizkaiak munduko talentua erakartzeko polo moduan eskaintzen dituen aukerak ezagutu eta partekatu ahal izan dituzte, baita bizkaia talentek talentua erakartzeko eta berton geratzeko garatzen dituen programak ere.