Bizkaiak talentua erakartzeko programa mantenduko du, Euskaditik kanpo lan egiten duten profesional kualifikatuak erakartzeko
- Programak kontratatutako pertsonaren urteko soldata finko gordinaren %40rainoko laguntzak jasotzen ditu, 30.000 euroko gehieneko diru-laguntzarekin.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak 2023an mantenduko du 2021ean abian jarri zuen talentua erakartzeko programa, Euskaditik kanpo bizi eta lan egiten duten profesionalak erakartzen jarraitzeko.
Programaren helburua da lanbide-esperientzia handia duten goi-mailako prestakuntzadun pertsonen kontratazioa sustatzea, Bizkaiko enpresekin lankidetzan, horiek merkatuan duten lehiakortasuna hobetzeko.
Laguntzaren zenbatekoa eskaerarekin batera aurkeztutako kontratuak edo kontratazio-proposamen irmoak jasotako urteko soldata finko gordinaren %20 izango da 2023. urtean eta %20 2024an. Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa 30.000 euro izango da, guztira.
Kontratatutako profesionalek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
- Unibertsitateko gradu-titulua edo lizentziatura edukitzea.
- Lanaldi osoko edo partzialeko lan-kontratu bat edukitzea, lan-harremana enpresa eskatzailearekin 2022ko urtarrilaren 1aren ondoren hasi bada; nolanahi ere, 2023ko irailaren 29an kontratuak mugagabea izan beharko du.
- Lan kontratua ez izanez gero, kontratazio-proposamen irmoa edukitzea, erakunde eskatzaileak eta kontratatuko den pertsonak sinatuta. Edonola ere, lan-kontratu mugagabeak 2023ko irailaren 29rako formalizatuta egon behar da.
- Formalizatutako lan-kontratuak edo kontratazio mugagabeko proposamen irmoak urtean gutxienez 45.000 euroko ordainsari gordina izan behar du.
- Kontratatuko den jardueraren eremuan gutxienez 5 urteko lan-esperientzia izatea.
- Beren lanbide-jarduera EAEtik kanpo egin izana, gutxienez 36 hilabetez, kontratazioaren dataren aurreko 48 hilabeteetan.
Eskabideak aurkezteko epea: 2023ko martxoak 1 – 2023ko irailak 15