Bizkaiak programa berri bat jarri du abian Euskaditik kanpo lanean ari diren goi-mailako prestakuntzadun profesionalen kontratazioa sustatzeko
2021/05/14
- Programak 2021eko urteko soldata finko gordinaren % 20rainoko eta kontratatutako pertsonaren 2022ko urteko soldata finko gordinaren % 20rainoko laguntzak jasotzen ditu.
- Bizkaiko Foru Aldundiak 800.000 euro bideratuko ditu programa berri honetara profesionalen itzulera errazteko.
Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak programa bat onartu berri du, Bizkaiko enpresek atzerrian lanean ari diren goi-mailako prestakuntzadun profesionalak kontratatzeko aukera izan dezaten.
Talentudunak erakartzeko programa kualifikazio eta esperientzia handiko profesionalak kontratatzen laguntzeko sortu da, Bizkaiko enpresekin lankidetzan, beren talentuaren garapena sustatuz, merkatuan duten lehiakortasuna hobetzeko.
Programak 2021eko urteko soldata finko gordinaren % 20rainoko eta kontratatutako pertsonaren 2022ko urteko soldata finko gordinaren % 20rainoko laguntzak jasotzen ditu, gehienez ere 30.000 euro kontratu bakoitzeko.
Kontratatutako profesionalek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
- Unibertsitateko gradua edo lizentziatura izatea.
- Gutxienez 5 urteko lan-esperientzia kontratatuko diren jarduera egingo den sektorean.
- Jarduera profesionala Euskaditik kanpo gutxienez 36 hilabetez egin izana, eskabidea aurkeztu aurreko 42 hilabeteetan.
- Lan-kontratu bat edo kontratazio-proposamen irmo bat formalizatuta izatea, gutxienez 45.000 euroko urteko ordainsari gordinarekin.
- Eskabideak aurkezteko epea: ekainaren 1etik urriaren 15era.
Informazio gehiago: TALENTUDUNAK ERAKARTZEKO PROGRAMA