Bizkaiko Profesionaltasunerako Trebetasunen Programa berritzailearen hirugarren edizioa jarri da abian
Nazioarteko ezarpenerako jardunaldiak, denbora kudeatzeko tailerrak, adimen emozionala, ekintza soziala, taldeko lana, komunikazio eraginkorra, hitzaldiak, irtenbide profesionalei buruzko informazioa eta coachingeko saioak jarriko dira hiru euskal unibertsitateetako Bizkaiko Profesionaltasunerako Programaren hirugarren edizioko 270 inguru ikasleen esku: 105 ikasle EHUkoak dira; 90, Deustuko Unibertsitatekoak; eta beste 75, Mondragon Unibertsitatekoak.
Programa hau bizkaia talent elkartearen lidergopean garatzen da, eta honako erakunde hauen laguntza jasotzen du: Bilbao Metrópoli-30, EHUko Zientzia eta Teknologiako Fakultatea, Deustuko eta EHUko Zuzenbide Fakultatea, Deustuko Unibertsitateko Deusto Business School, EHUko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoa, Deustuko Ingeniaritzako Goi Eskola (ESIDE), Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa, MUko Enpresa Zientzien Fakultatea, EHUko Ekonomia eta Enpresako Fakultatea eta bost elkargo profesional: Euskadiko Ekonomialarien Elkargoa; Euskadiko Kimikari eta Ingeniari Kimikoen Elkargoa; Euskadiko Bide, Ubide eta Portuetako Ingeniarien Elkargoa; Abokatuen Elkargoa; eta Ingeniari Industrialen Elkargoa.
Programak behar besteko oinarriak finkatzea dauka helburu, pertsonetan oinarritutako profesionaltasunaren mugimendua eratzeko, estrategiak proposatzeko eta garatzeko, emaitzak behatzeko, proposatutako helburuak betetzeko eta Euskadin bertan profesionaltasunaren balioa lantzeko. Horri esker, emankorragoak, berritzaileagoak eta lehiakorragoak izan ahalko dira gure enpresak. Era berean, ekimen honek gure herrialdean talentua garatzeko laguntza profesionala ematea ere badu helburu.
Ikasle unibertsitarioei banakako laguntasuna eskaintzen zaie, gaur egungo merkatuak behar dituen zeharkako trebetasunak garatu ditzaten. Gainera, balioei, jarrerei eta trebetasunei ere ematen zaie garrantzia, gaur egun jakintza teknikoen euren aurretik ere badaude-eta. Hona hemen programa honetan parte hartzeko ebaluatu beharreko faktoreak: motibazio-gutuna, curriculum vitaea, banakako elkarrizketa eta trebetasunen profila.
Halaber, edizio honetan, Trebetasun Teknologikoen hastapena ere egingo da, lan-merkatuak gero eta interes handiagoz eta sarriagotan eskatzen ditu-eta. Big Data, Intelligence eta Smart Industry 4.0 arlo ezaguneko jakintzak bereganatzeko orduan, bi workshop egingo dira: lehenengoa lehen eta bigarren mailako ikasleentzat izango da; eta bigarrena, hirugarren nahiz laugarren mailakoentzat (laugarren eta bosgarren mailakoentzat, Deustuko Unibertsitateari dagokionez). Horrela, euren arlo profesionalera egokituko dute ekosistema enpresarial eta profesionala kontuan hartuta.
Bestetik, hirugarren edizioko lehenengo mailako parte-hartzaileek autoezagutzarako BELBIN testa egin beharko dute, programak dirauen bitartean lortutako bilakaera objektibotasun eta zehaztasun handiagoz ebaluatu ahal izateko.