Iritsi dira Bizkaira “Study & Work in Biscay-Basque Country” programako lehen ikasleak
2024/11/12
- Programa honek prestakuntza espezializatuaren eta lurraldeko enpresetan aukerak sortzearen aldeko apustua egiten du, STEM profilen eskaerari erantzuteko.
Bizkaia Talent, EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan, “Study & Work in Biscay-Basque Country” programa garatzen ari da Bizkaiko Foru Aldundiaren “Bizkaia with the talent” estrategiaren barruan. Programa Bizkaian STEM profilen eskaintzaren eta eskariaren artean dagoen desorekari erantzuteko sortu da, tokiko unibertsitateetan prestakuntza jaso dezaketen eta bertako enpresek eskatutako arlo teknikoetan espezializa daitezkeen profesional gazteak etor daitezen sustatuz.
2024/2025 ikasturteko edizio honetarako, lan-merkatuan enplegagarritasun handia duten hainbat master espezializatu hautatu dira, nazioarteko ikasle parte-hartzaileak, batez ere Latinoamerikatik etorriak, egun ikasten ari direnak: Biologia Molekularra eta Biomedikuntza Masterra (EHU), Ingurumen Ingeniaritza eta Kudeaketa Masterra (EHU), Konputazioari eta Sistema Adimendunei buruzko Masterra (Deustuko Unibertsitatea), Negozio Adimenerako Datuen Analisiko Masterra (Mondragon Unibertsitatea) eta Sistema Elektroniko Aurreratuak Masterra (EHU), besteak beste.
Programak bederatzi hilabeteko prestakuntza-ibilbidea eskaintzen du, non ikasleek ezagutza teknikoak bereganatuko dituzten eta lanbide-eremuan sartuko diren, Bizkaiko enpresetan egingo dituzten praktiken eta programa dualen bidez.
“Study & Work in Biscay-Basque Country” programaren azken helburua da programan parte hartzen duten pertsonek hemengo enpresetan aukerak aurkitzeko eta hala beren lan-ibilbidea nola bizi-proiektua Bizkaian ezartzea erabakitzeko beharrezko baldintzak sortzea.
Ongietorri-ekitaldia
Bizkaia Talentek ikasleentzako ongietorri-ekitaldia egin zuen duela gutxi, eskura izango dituzten laguntza-zerbitzuak ezagut ditzaten; horien artean, Be Basque Ambassadors programa nabarmentzen da, ikasleak errazago egokitu eta lurraldeko enpresa-ekosistemarekin harremanetan sar daitezen diseinatua. Programa horren bidez, prestakuntza-tailerretan parte hartuko dute, puntako erakundeak bisitatuko dituzte eta ekitaldi soziokulturaletara joango dira, horrela tokiko komunitatean murgil daitezen.