Bizkaia Talent

Albisteak

Talentia programaren zortzigarren edizioak Bizkaiko 282 talentu unibertsitario elkartu ditu

  • Espediente akademiko eta trebetasun onenak edukitzeagatik hiru euskal unibertsitateek hautatutako ikasleak dira
  • Jende ospetsuarekin egindako topaketa profesionaletara eta joera profesionalei buruko jardunaldi zein tailerretara joango dira
  • Aurreko edizioetako 1.000tik gora parte-hartzailek osatutako Talentia SAREKO kideak izango dira

Otsailaren 13an, 17an eta 20an, “Zeure talentuarekin harremanetan” lelopean, programa ospetsuaren zortzigarren edizioaren aurkezpen ofizialak egingo dira. Programak, hain zuzen ere, ikasle onenak saritzen ditu euren mailako espediente akademiko onenak eta zenbait trebetasun profesional edukitzeagatik; esate baterako, lidergorako gaitasuna eta diziplina anitzeko talde-lana, besteak beste.

Horrela, guztira, hiru euskal unibertsitateek hautatutako Bizkaiko 282 ikaslek Talentia programa ospetsuaren zortzigarren edizioan parte hartuko dute: Deustuko Unibertsitateko 90, Euskal Herriko Unibertsitateko 152 eta Mondragon Unibertsitateko 40.

Bizkaia talenteko zuzendari gerentea den Ivan Jimenezek adierazi duenez, “aurreko edizioetako parte-hartzaileen aitorpenak eta azken asteotan egindako emaitzek ere programaren arrakasta berretsi dute”. “Lortutako datuen arabera, zazpi edizioetako parte-hartzaileen %91 urtebetetik beherako epean hasi ziren lanean programa amaitu ostean, eta euren lanaren inguruan duten gogobetetasun-maila 8,2koa da. Gainera, lanean ari diren “talentien” %89,7k Euskadin lan egiten dute”, erantsi du.

Programak Bizkaiko talentuak Euskadiko iritzi-liderrekin eta beste erakunde batzuekin harremanetan jartzea du helburu, besteak beste. Halaber, gure inguruko errealitate zientifiko, teknologiko, enpresarial eta soziala ere erakutsi nahi zaie euskal unibertsitateetako ikasleei.

Modu berean, programaren zortzigarren edizioan parte hartzen duten guztiak Talentia SAREKO kideak izango dira. Bertan, hain zuzen ere, programan egon diren 1.000tik gora lagunekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, eta, horrez gain, hainbat harreman profesional lortzeko garatutako topaketa eta jardueretan ere parte hartu ahal izango dute.

LAN-MERKATUKO ESKARIEI ERANTZUTEA

Aurtengo programa otsailean hasi eta ekainean amaituko da, eta parte-hartzaile guztiek zenbait prestakuntza-tailer egin ahal izango dituzte. Aurreko urteetako onarpen ona kontuan hartuta, honako hauxe nabarmendu beharra dago, besteak beste: foru-erakundearen laguntzaz ekintzailetzari buruz egindakoa, BEAZen eskutik enpresa-berritzaileak sortzeko eta garatzeko.

“Tailer honetan, ekintzailetzaren mundura hurbiltzeko oinarrizko nozioak landuko dira. Horrela, `talentiek´ oinarrizkoa eta globala den ikuspegitik miretsi ahal izango dute bidaia zail bezain zirraragarri hau”, azaldu du Jimenezek.

Lan-merkatuan gero eta handiagoa den eskariari erantzuteko asmoz, zortzigarren edizioan Nazioarteko Ezarpenari buruzko Jardunaldi arrakastatsua egingo da berriro Bizkaiko Profesionaltasunerako Trebetasunen Programako parte-hartzaileekin. Era berean, Profesionaltasunerako Tailerra ere egingo da Bilbao Metrópoli 30ekin, belaunaldi berrientzat profesionala izatea zer den zuzenean jakiteko eta enpresek zein erakundeek 2017an dituzten eskariei erantzuteko.

Bizkaia talenteko zuzendari gerenteak iragarri duenez, “iazko harrera ona izan zela kontuan hartuta, zortzigarren edizio honetan jardunaldi hurbil bezain didaktikoa egingo da berriro euskal ekonomialari eta finantzari ospetsua den Pedro Luis Uriarterekin, “Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialaren oinarriak” lelopean. Bertan, hain zuzen ere, euskal kontzertu ekonomikoaren jatorria eta garapena nolakoak diren azalduko da.

Aurtengo programako beste jarduera handi bat topaketa profesionalak izango dira. Bertan, Talentiako eta Bizkaiko Profesionaltasunerako Trebetasunen Programako parte-hartzaileek profesional ezin ospetsuagoak ezagutu ahal izango dituzte zuzenean; esate baterako, Iñaki Gabilondo, Rafael Bengoa edo Inés Anitua, besteak beste.

Bestetik, apirilaren amaieran, topaketa sektorialak ere egingo dira, eta, bertan, ikasleek, euren diziplina akademikoaren arabera, euren prestakuntza-adarretako hizlari adituekin hitz egiteko aukera edukiko dute. Hartara, sektoreetako lan eta lanbide arloko errealitatera hurbilduko dira ibilbide luzea duten hizlari ospetsuen ikuspuntutik.

Aurreko urteetan bezala, Bizkaiko erakunde ospetsuetara ere egingo dira bisitaldi teknikoak. Haien artean, honako hauexek nabarmentzen dira: Basque Center for Applied Mathematics (BCAM); Biocruces; BTEK, Teknologiaren Interpretaziorako Zentroa; Deloitte; Ede Fundazioa; Euskal Irrati Telebista (EiTB); Bilboko Euskalduna Jauregia; Euskaltel, S.A.; Gaiker – IK4; Guggenheim Bilbao; Idom; Itp, Industria de Turbo Propulsores, S.A.; K2K Emocionando (Ner Group); La Alhondiga; Lamiako Eskola; Lancor (Ner Group); Lauxeta Ikastola; LKS Group; Neiker-Tecnalia; Sarein (Ner Group); Tecnalia Research & Innovation…

Horrez gain, aurreko urteetako arrakastaren ondoren, apirilaren 6an, “Zeure burua balioetsi” topaketa ere garatuko da David Martínez headhunterrarekin. Bertan, hain zuzen ere, parte-hartzaileei azalduko die nola aurre egin enpleguaren bilaketa aktiboari, lan-elkarrizketetarako zenbait gomendio emango dizkie eta beharrezko jokabide zein jarreren azterketa sakona egingo du.

Talentia Programako aurkezpen ofiziala Deusto Unibertsitatean

Talentia Programako aurkezpen ofiziala Mondragon Unibertsitatean

Talentia Programako aurkezpen ofiziala Euskal Herriko Unibertsitatean

Talentua erakarri, eutsi eta lotzen dugu Bilbo-Bizkaiko eremuan, Euskadin

Be part of the largest highly professional Network connected to Bilbao - Bay of Biscay and the entire Basque Country

Sartu:

Profesional bat naiz Organizazio bat naiz
Gure laguntzaileak Gure laguntzaileak BBK BEAZ CICBioGune Universidad de Deusto Bizkaia.net Tecnalia Idom ITP Sener EHU Iberdrola Mondragon Corporation
×
×