Abian da Talentia programaren hamargarren edizioa, Bizkaiko unibertsitate-talentua garatzen duena
2019/02/22
- Potentzial handieneko Bizkaiko ikasleek, Euskadiko hiru unibertsitateek hautatuak eurak, topaketa profesional, jardunaldi eta tailerretan parte hartuko dute datozen hilotan
Joan den otsailaren 20an, EHUko Ekonomia eta Enpresa fakultatean, Talentia programaren hamargarren edizioa aurkeztu zen. Guztira, 150 ikaslek hartuko dute parte, guztiak azken mailakoak eta Bizkaikoak, eta Euskadiko hiru unibertsitateek -Deustuko Unibertsitatea, EHU eta Mondragon Unibertsitatea- aukeratuak.
Ikasleei orientabidea eta etorkizun profesionala prestatzeko tresnak eskaintzea xede, Talentia programak Bizkaiko zientzia-, teknologia- eta enpresa-proiektuen berri emango die, bertatik bertara ezagut ditzaten bai herrialdeko bai Euskadiko enpresa, zientzia-teknologia eta gizarte arloetako ekosistemako pertsonaia esanguratsuak.
Datozen hilotan, ikasleek prestakuntza-tailerretan parte hartuko dute, bai eta topaketa profesional eta sektorialetan ere, itzal handi eta ibilbide luzeko hizlariekin. Era berean, nazioartekotze-jardunaldi batean eta garapen profesionaleko batean izango dira, eta Bizkaiko erakunde entzutetsuenetako batzuk bisitatuko dituzte.
1.500 ikasle Talentia sarean
Edizio honetako partaideak barne, 1.500 lagunek osatzen dute Talentia sarea, Bizkaiko talentu gaztearen komunitatea, helburu duena programetako (Talentia, Challenge eta Trebetasunak) partaideen bilgune izatea, networking-a sustatzea eta garapen profesionalean laguntzea.