Abian dira Talentia eta Talentia Skills, Bizkaiko ahalmen handieneko unibertsitate-ikasleentzako programak
2021/03/04
- Guztira, programa bien artean banaturik, 300 talentu gazte inguruk hartuko dute parte
Urtero bezala, badator martxoa, baita Talentia eta Talentia Skills programen hasiera ere. Bizkaia Talentek tokiko unibertsitate-talentuaren aurrerapenaren alde egiten duen apustuaren emaitza dira eta bi helburu dituzte: batetik, lurraldeko ahalmen handieneko gradu-ikasleek beren trebetasunak garatzea, eta, bestetik, Bizkaiko enpresa-errealitatea ezagutzea.
Talentia programaren 12. edizioa
Lan-merkatuan gehien eskatzen diren gaitasun profesionalak kontuan hartuta, Deustuko Unibertsitateko, EHUko eta Mondragon Unibertsitateko azken mailako 100 ikaslek Talentia programa burutuko dute, datozen lau hilabeteetan. Horrela, lan-mundura jauzi egin aurretik, beren etorkizun profesionala prestatzeko laguntza jasoko dute. Izan ere, hainbat topaketa eta tailerretan parte hartuko dute, eta Bizkaiko erakunde prestigiotsuenetako batzuk bisitatuko dituzte.
Zeharkako trebetasunen garapena Talentia Skillsen
Beste alde batetik, Talentia Skills profesionaltasunerako gaitasunen programaren zazpigarren edizioan, lehen mailako 200 ikasle inguruk diziplina anitzeko talde batean lan egingo dute, Euskadiko hiru unibertsitateetako profil eta adar akademiko desberdinetako lagunek osatuta.
Programak, lau urte irauten duenak, talentu gazteei beren zeharkako gaitasunen garapena lantzea ahalbidetzen die, zenbait dinamika eta tailerren bidez, eta Bizkaiko enpresa-ekosistema eta erreferentziazko sektoreak ezagutzeko aukera ematen die.
2.500 ikasleko sarea
Talentia eta Talentia Skills programen edizio berrietako ikasleak kontuan hartuta, une honetan 2.500 lagunek baino gehiagok osatzen dute Talentia Sarea, Bizkaiko talentu gazteen komunitatea. Hala, Bizkaia Talenten Talentia Zerbitzuko adin eta programa desberdinetako parte-hartzaileek badute non bildu, eta, gainera, esparru horrek bai networkinga bai lan-ibilbidea garatzeko laguntza sustatzen ditu partaideen artean.