Bizkaia Talentek talentuaren eta gaitasunen gaineko ‘Research To Business’ biltzarrean parte hartu du, Italian
- Euskal elkartea talentua kudeatzeko ezagutza-tresna gisa datuaren erabileran izandako arrakastagatik gonbidatu dute, adibide gisa.
Joan den ekainaren 8an, Bizkaia Talent talentuari eta gaitasun profesionalei eskainitako R2B – Research To Business biltzarrean izan zen, Bolonian (Italia). Ekimena, Emilia-Romagna eskualdeko ekonomiaren sustapenerako agentziak (ART-ER) eta BolognaFierek Wired-ekin elkarlanean antolatua, Europako Funtsekin batera finantzatu eta 2023an gauzatu da, Europako Batzordeak Gaitasunen Europako Urtea izendatutako honetan, hain zuzen ere.
Ekitaldian, non 2.000 lagun baino gehiago bildu ziren, enpresen eta gizartearen hazkunderako funtsezko trebetasunak eta ezagutzak dituen edo gara ditzakeen talentu gaztea erakartzeko eta hobetzeko estrategiak jorratu ziren, nagusiki. R2Bk 140 tailer eta lau hitzaldi eskaini zizkien bisitariei, bai eta 100 erakusketarik baino gehiagok osatutako gunea ere: enpresak, unibertsitateak, prestakuntza-erakundeak, ikerketa-laborategiak eta start-up direlakoak.
Bizkaia Talentek, talentuaren lurralde-kudeaketan mundu-mailako erreferentzietako bat izateagatik gonbidatuta, “Traiettorie di carriera e attrazione dei Talenti: il ruolo chiave delle competenze” (Ibilbide profesionalak eta talentuaren erakarpena: gaitasunen funtsezko zeregina) mahai-inguruan parte hartu zuen. Euskal elkartearen zuzendari kudeatzaile Ivan Jimenezek, Bizkaia Talentek datuaren kudeaketan oinarritutako tresna digitalen kudeaketan egindako ibilbidea azaltzeaz gain, elkarteak darabiltzan zenbait tresnaren berri eman zuen: Career Development Centre, lan-ibilbidea garatzeko; Headhunting Support Centre, pertsonak errekrutatzeko; eta Talentuaren Euskal Behatokia. Horien guztien bidez, tokiko enpresei talenturik onena bilatzen laguntzen eta profesionalei lan-aukerarik onenak lortzeko zuzeneko bidea eskaintzen die. Eztabaida-taldean, Monster enplegu-atari digitaleko Italiako ordezkaritzaren zuzendariak ere hartu zuen parte; enpresa hori Randstad Taldekoa da, alegia, enpleguaren bilaketaren eta profesionalen errekrutatzearen alorreko mundu-mailako liderretako batekoa.