Bizkaia Talentek titulu atzerritarrak homologatzeko urratsak azaldu ditu
- Web-mintegia antolatu du beste herrialde batean lortutako tituluen aitorpen-prozesua hasteko funtsezko jakingarriak ezagutarazteko.
Urriaren 20an egindako web-mintegian, Bizkaia Talentek atzerrian lortutako titulu akademiko batek homologatua edo aitortua izateko, edo haren baliokidea eskuratu ahal izateko, zein baldintza bete behar dituen azaldu zuen, bai eta zein agintari eskudunengana jo behar den izapideak egiteko.
Carmen Méndez de Castro Relocation & Be Basque Dual Career Centre zerbitzuaren arduradunak azaldu zuen aitortu nahi den unibertsitate-tituluak, dagokion herrialdeko hezkuntza-sisteman ofiziala izateaz gain, baliokidetasun nahikoa izan behar duela Espainiako erreferentziako ikasketekin edo tituluarekin, bai maila akademikoari bai iraupenari eta edukiari dagokienez.
Era berean, tituluaren jatorriaren garrantzia nabarmendu zuen, eta titulua zertarako aitortu nahi den; izan ere, non lortu den edo funtzio publikoan edo pribatuan lan egingo den kontuan hartuta, prozesua desberdina izango da. Esate baterako, lanbide arautu batean jardutera datorren pertsonak bere tituluaren homologazioa (hirugarren herrialdeak) eta/edo aitorpena (EB) eskatu beharko du; lanera datorren profesionalak, aldiz, baliokidetasuna eskatu besterik ez du egin beharko, enplegatzaileak eskatuz gero.
Zalantzak argitzeko informazio-agiria
Bizkaia Talentek atzerriko tituluak aitortzeko prozesuarekin lotutako zalantza guztiak argitzeko agiri bat sortu du Atzerriko tituluak onartzeko prozesuei buruzko informazioa sareko kideentzat. Aipatu beharra dago agiria NARIC España zentroak berrikusi duela, ENIC-NARIC informazio-zentroen nazioarteko sareko kide denak, zeinak Espainian eta beste herrialde batzuetan Goi-mailako Hezkuntzaren esparruan dauden homologazio-, baliokidetasun- eta aitorpen-prozesuen gaineko informazioa eskaintzen duen.