Euskadiko batez besteko soldata Estatu espainoleko handiena da, 27.800 eurokoa da-eta
Euskadiko urteko batez besteko soldata %3,2 igo da 2014an, 27.786 euroraino, alegia. Hori dela eta, Estatu espainoleko handiena da, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) argitaratutako datuen arabera. Bestetik, emakumeen soldata %4,8 igo denez, 23.781 eurokoa da gaur egun. Gizonena, ordea, %3,2, 31.271 euroraino igo denez, gizonen aldeko etena 7.490 eurokoa da.
Estatu espainolean, batez besteko soldata zazpi hamarren igo denez, 22.858 eurokoa da gaur egun. Emakumeen urteko ordainsaria batezbesteko hori baino txikiagoa izan da (19.744 euro); eta gizonena, handiagoa (25.727 euro). Beraz, soldata-etena 6.000 eurokoa izan da gutxi gorabehera, emakumeen soldatak %1,2 igo arren, gizonen bi hamarrenen aldean.
Euskadiren ostean, estatuko soldata handienak Madrilgoak (26.570 euro), Nafarroakoak (24.700 euro) eta Kataluniakoak dira (23.927 euro). Txikienak, ordea, Extremadurakoak (19.180 euro) eta Kanarietakoak dira (19.436 euro).
Emakumeen artean, soldata handienak euskal langileenak izan dira, batezbestekoa 23.781 eurokoa izan da-eta. Haien ostean, Madrilgoak (23.326 euro) eta Kataluniakoak daude (23.324 euro). Txikienak, ordea, Extremadurakoak (17.413 euro), Andaluziakoak (17.478 euro) eta Murtziakoak dira (17.500 euro).
Gizonen soldatei dagokienez, Euskadiko, Madrilgo eta Nafarroako gizonenak dira handienak; eta Kanarietako zein Extremadurako gizonenak, txikienak.
Hartara, soldata handiena eta soldata txikiena duten erkidegoen arteko etena mende honetako handiena da: 2014an, eten hori 8.606 eurokoa izan da Euskadiko batez besteko soldaten (27.787 euro) eta Extremadurakoen artean (19.181 euro), hau da, 2012an baino bi mila euro gehiago, Madrilgo (23.184 euro) eta Extremadurako (16.401 euro) soldaten artean zegoen 6.783 euroko aldea kontuan hartuta.