Zer da Bizkaia Talent?
Bizkaia Talent Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) Sustapen Ekonomikorako Sailak Euskadiko enpresa, unibertsitate eta ikerketa zentro eta zentro teknologiko nagusienetako batzuekin lankidetzan, sustatutako irabazi asmorik gabeko elkartea da. Bere misioa da Bizkaian berrikuntza eta ezagutzaren prozesura oso ondo prestatutako pertsonak erakartzeko, lotzeko eta eusteko beharrezko baldintzen ezarpena bultzatzea eta laguntzea.
Bizkaia Talent-ek ondorengo bazkideak dauzka: Bilbao Bizkaia Kutxa (BBK), BEAZ, CIC bioGUNE, Iberdrola, Idom, IK4, Industria de Turbo Propulsores (ITP), Sener, Tecnalia, Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Bizkaiko Foru Aldundia; elkartearen lehendakaritza Foru Aldundiaren Sustapen Ekonomikorako Sailari dagokio.
Ze harreman dauka Bizkaia Talent-ek erakunde publikoekin eta zergatik?
Bizkaia Talent-en zeregina pertsonetan zentratzen da zehazki. Horrek baterako lana eskatzen du (enpresaren eta berrikuntzaren promozioaren prozesuan inplikatutako eragile guztiekin), pertsona eta proiektu berritzaileak identifikatzeko, bultzatzeko eta sustatzeko.
Europako Hezkuntza eta Ikerketa arloetan aurreikusitako aldaketek eta enpresaren munduan (Bizkaiko sektore tradizionalak, ezagutza eta teknologia maila altua edo ertain-altuarekin: automozioa, material elektronikoak, metalmekanika, garraioa eta logistika; eta Bizkaian goraka doazen sektoreak: bioteknologia, aeronautika, biomedikuntza, farmako industria, osasuna, energia alternatiboak, ingurumena) dagoeneko eman diren eta aurreikusita dauden aldaketek gure inguruneko herrialde askok gaur egun daukaten deskapitalizazio intelektualerako arriskua ekiditeko beharrezko oinarriak ezarriko dituen organismo bat eratzea eskatzen dute.
Geroago eta globalizatuagoa den lehiakortasun-esparrua dela eta, bai alderdi sozialetan bai ekonomikoetan, beharrezkoa da Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Sustapen Ekonomikorako Saileko gainerako organismo publikoekin, Euskadiko, Estatuko eta Europako erakunde publikoekin eta beste eragile batzuekin kolaboratzea. Kolaborazio hori erabat funtsezkoa da, horietako bakoitzaren misioen arrakasta gainerakoen arrakastaren araberakoa izango baita.
Lankidetza da arrakastaren giltzarria eta Bizkaiko helburu nagusienetako bat betetzeko helburua: “enplegu egonkorra eta aberastasuna sortzea”
Zenbat kostatzen da Bizkaia Talent-en zerbitzuak erabiltzea?
Bizkaia Talent-en berariazko zerbitzuak eta programak doanekoak dira. Espresuki hala adierazten den jarduera zehatzak dira salbuespen bakarra, hala nola, Euskaditik kanpo dauden profesionalekin egiten diren Networking jarduerak (horietan, organizazioek eurek ordaintzen dituzte haien garraio eta ostatu gastuak) edo profesionalak integratzeko aisialdiko jarduerak (museoak bisitatzea, irteerak, etab.).
Isilpekoa al da Bizkaia Talent-i emandako informazioa?
Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez, Bizkaia Talent-ek Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betetzen du. Webgunearen bitartez (horixe da izangaien eta Bizkaia Talent-en arteko hartu-emanetarako gehien erabiltzen den tresna) lortutako izaera pertsonaleko edozein datu erakundearen jabetzako fitxategietan gordeko dira. Fitxategiak Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean behar bezala inskribatuta daude, ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuan ezarritako segurtasun-neurrien pean.
Bizkaia Talent langileak hautatzeko aholkularitza al da?
Ez. Batetik, Bizkaia Talent-ek enpresaren, unibertsitatearen, zentro teknologikoen, klusterren eta I+G zentro eta unitateen arteko bitarteko unitate gisa jarduten du, atzerrian bizi diren edo bertan bizi diren ondo prestatutako pertsonak identifikatzeko, haiengana iristeko eta organizazioetan sartzeko bidea erraztera bideratutako zerbitzuak eskainiz eta Bizkaira etortzeko interesa duten eta atzerrian bizi diren profesional eta ikertzaileei lekualdaketa eta egokitzapena errazteko zerbitzuak eskainiz.
Bestetik, Bizkaia Talent-ek profesionalen profilen sarrerak erregistratzen ditu bere datu-basean eta aipatutako eragileei bidaltzen dizkie, nahi den profila betetzen badute.
Berrikuntzarako agentzia bat al da Bizkaia Talent?
Bizkaia Talent-en misioa eta ikuspegia Bizkaian berrikuntzaren eta ezagutzaren prozesuan ondo prestatutako pertsonak erakartzeko eta atxikitzeko beharrezko baldintzak ezartzen laguntzean oinarritzen dela kontuan hartuta, Bizkaiko talentuaren eta giza kapitalaren kudeaketak estuki lotutako bi arlotan, pertsonengan eta proiektuengan, hain justu, ardaztutako kudeaketa-eredua eskatzen duela esan daiteke:
Pertsonen Arloa . Nagusiki oinarri teknologikoko eta ezagutza sortzeko proiektuek sortzen dituzten beharrei erantzuteko talentu berritzaile, ekintzaile eta ikertzailea identifikatzean oinarritzen da. Era horretan, Bizkaia Talent-ek aktiboki bultzatzen du identifikatutako talentudun pertsonen atxikipena; horrek antzemandako talentuen behar profesional eta pertsonalak eta Bizkaiaren etorkizuneko beharrak aseko dituen banan-banako eskaintza bat diseinatzea eta artikulatzea dakar.
Proiektuen Arloa . Helburua da Bizkaia enpresa proiektu, proiektu pertsonal eta profesional egonkorren garapenerako leku erakargarria bilakatzea, beste organismo publiko eta pribatu batzuekin batera talentu berritzailea garatzeko.
Ikertzaile eta/edo profesionalei ekonomikoki laguntzen al die Bizkaia Talent-ek?
Urtero, Lurralde Historikoaren gaitasun berritzaile indartuko duen ikertzailearen figuran zentratutako laguntza-lerro baterako deialdia egiten du Bizkaia Talent-ek. Lortu nahi dena da ikertzaileen, kontratazioa, lotura, promozioa eta/edo prestakuntza bultzatzea.