Donostia, munduko 200 zientzia-hiri nagusien artean
- Nature-k eginiko zerrendaren arabera, Gipuzkoako hiriburua 198.a da zientzia-ekoizpenean
Nature aldizkari britaniarrak, mundu-mailan ospe handienetakoa duen zientzia-aldizkariak, zientzia-ekoizpen handiena duten 200 hirien zerrenda argitaratu du eta, horien artean, Donostia dago.
Zehazki, hiriburu gipuzkoarra kontaketa frakzionalaren bidez egindako zerrendan 198. tokian dago, mundu-mailako metropoli handien ondoan. Estatu aldera begiratuz gero, bakarrik Madril, Bartzelona eta Valentzia ikusiko ditugu Donostiarekin batera.
Beijing, New York eta Boston dira zerrendaburu. Lehen 20en artean Tokio, Paris, Seul, Londres, Singapur edo Zurich bezalako hiriak daude.
Lider zientzia-artikuluak ekoizten
Azpimarratzekoa da Donostia liderra dela beste leku batzuetako ikerlariekin batera idatzitako zientzi-artikuluetan. Horrek indartu egiten du hiriaren irudia: munduan elkarlanean gehien dabilen ikerketa-zentroa da, ekoizpen zientifikoko lanak garatu eta egiteko orduan.