San Mamesek, Athletic Taldeko futbol-zelaiak, munduko kirol-eraikin onenaren saria jaso du
Mikel Arrazola
San Mameseko futbol-zelai berria munduko kirol-eraikin onena dela jakinarazi dute Singapurren egindako ‘World Architecture Festival’ ekitaldian.
Antolatzaileek bederatzi kategorietako sarien berri eman dute gaur, eta, besteak beste, honako hauexek daude haien artean: Lanserhof hotel alemaniarra, Errusiako Ballet Eskola edo Qatarreko Ikaskuntza Islamikoetako Fakultatea.
Bilboko futbol-zelaia kirolaren kategoriako irabazlea izan da. César Azkarate arkitektoak diseinatu du, ACXT-IDOM ingeniaritza-enpresak eraiki du eta 53.000 lagunentzako lekua dauka.
Bost izar
Futbol-zelai berria eraikitzean, munduko kirol-instalazio onenak dituzten taldeen artean lekuratu da Athletic. Jauzi kualitatibo horren ondorioz, gaur egun dauden zelai onenetakoa da San Mames, inolako zalantzarik gabe, eta honako hauexen parean dagoela esan daiteke: Amsterdam Arena, Emirates Stadium, Santiago Bernabeu edo Allianz Arena. UEFAk gehienez emandako 4. kategoriako futbol-zelaia denez, futboleko Eurokopako egoitza izan daiteke, eta UEFAko Europako Ligako finalak ere jokatu daitezke bertan.
Orain dela gutxi, VIP eremuko eserlekuak ere ireki dira. Futbolerako ez ezik, beste jarduera osagarri batzuetarako ere erabiliko da zelaia: kirol-berrikuntzarako zentroa, kirol-medikuntzarako zentroa, lurpeko atletismo-pista eta udal-kiroldegia, besteak beste.