Euskadik azpiegitura zientifiko-teknologikoen lehen mapa osoa aurkeztu du: www.science.eus
2016/02/02
Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako Sailburuordea eta Fernando Cossío IKERBASQUEko Zuzendari Zientifikoa aldean zituela, Euskadiko azpiegitura zientifiko-teknologikoen mapa aurkeztu du gaur goizean.
Ikerbasquek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eskariz landutako mapa honek komunitate zientifikoaren esku jarriko du lehenengo aldiz, Euskadin dauden azpiegitura zientifiko guztiei buruzko informazioa.
Web-atari baten laguntzaz (www.science.eus), publikoki kontsulta daitezke dagoeneko 30 erakunde eta 127 azpiegitura baino gehiagoren datuak, horiei atxikitako 364 ekipamendu barne hartuta. Hilabetetako lanaren emaitza hau lortzeko, lankidetzan jardun dute Euskadiko unibertsitate, ikerketa-zentro eta zentro teknologiko guztiek.
Ekimen honen bidez, bi helburu bete nahi dira. Alde batetik, ikertzaile, zentro eta enpresen arteko lankidetza bultzatzea, diziplina anitzeko komunitate dinamikoa sortuz. Eta bestetik, hemengo gaitasunak kanpoan ezagutaraztea, bereziki gogoan izanda Euskadiko azpiegitura zientifiko-teknologikoen mapa dela, herrialdeko bateko azpiegitura zientifiko-teknologikoei buruzko informazioa eskaintzen duen tankera honetako lehenengo tresna.
Orain, edozein ikertzailek bertatik bertara jakin ahal izango du azpiegitura bat erabiltzeko moduan dagoen ala ez, alferreko denbora-galtzeak saihestuz. Bilaketa erraz baten bidez, azpiegitura non dagoen eta horren arduraduna nor den kontsultatu ahal izango du, baita sarbideko protokoloa, eskainitako zerbitzuak edota ekipamendu erabilgarriak ere, besteak beste.
Horretarako, science.eus atariko informazioa, Europan azpiegitura zientifiko handiak mapeatzeako abiarazi den MERIL eskemaren arabera egituratu da. Honek bi tresnak sinkronizatzea ahalbidetuko du, gure gaitasun zientifiko-teknologikoei nazioarteko ikusgaitasun handiagoa emanez.
Horrez gain, science.eus atariak komunitate zientifikoaren mesedeko beste zerbitzu baliagarri batzuk ere bildu ditu, hala nola, www.sciencecareers.eu atarian jasotako enplegu-eskaintzetarako sarbide zuzena, hainbat erakunderen ekitaldi eta jarduera zientifiko nagusien agenda (mintegiak, dibulgazio zientifikoko ekitaldiak, jardunaldi teknikoak) edota Euskadin lanean hasi behar duten zientzialariei zuzendutako Euraxess zerbitzu-zentroari buruzko informazioa, euskal komunitate zientifikoaren erreferentziazko atari bihurtzeko asmoz.