Europak bere osasun-estrategiagatik aukeratu du Euskadi, Europako Eskualdeen eta Hirien Astean bere aurrerakuntzak azaltzeko
Europar Batasunak Euskadi eta, hain zuzen ere, Osasun Saila gonbidatu du, Europako Eskualdeen eta Hirien Astearen barruan RIS3 Espezializazio Adimendunerako Euskal Estrategiako osasun-arloan lortu dituen aurrerakuntzak azaldu ditzan. Hartara, osasunari eta zahartzapenari eskainitako saioan parte hartu duen gobernu bakarra izango da. Osasun Sailak adierazi duen bezala, aurton ostegunera arte Bruselan egingo den Europako Astean, argi eta garbi azaldu nahi dute “zeinen garrantzitsuak diren eskualdeak inbertsiorako zein hazkuntzarako bazkide moduan. Hori dela eta, enpresen garapenean, berrikuntzan eta lanpostuen sorreran daukaten zeresana aztertuko da”.
Testuinguru horretan, asteko antolatzaileek, Europako Batzordeko REGIO Zuzendaritza Nagusiak eta Eskualdeen Lantaldeak, ”RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategiak osasunean ezartzean lortu diren aurrerakuntzen berri eman nahi dute, eragina are handiagoa izan dadin Europan bertan”. Horixe bera nabarmendu dute Jon Darpónek kudeatzen duen saileko iturriek.
Hartara, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendariak, María Aguirrek, beste eskualde batzuetan berregin edo inspirazio moduan erabili daitezkeen politika zein jarduketa nagusiak aurkeztu ditu Bruselan. Izan ere, batzordearen beraren eskaeraren arabera, honako arlo hauek landu behar dira sakonago: berrikuntza, zainketen integrazioa eta adinekoentzako ingurune atseginen sustapena.
Aguirreren esanetan, “Euskal Estrategia eta arlo horretako aurrerakuntzak aurkezteko aukeratu gaituztenez, Europar Batasunak berriro aitortu du Euskadik azken urteotan osasunaren eta zahartzapenaren arloko berrikuntzan nahiz ikerkuntzan garatutako ibilbidea, behar besteko erronkei aurre egiteko eta aukerak sortzeko”. Zuzendariak berak adierazi bezala, gainera, “pozik egoteko modukoa da Europar Batasunak zenbait arlotan aitortu dizkiguten ahaleginak ondo balioesten jarraitzea”.