bizkaia:talent-ek, Ikerbasquek eta Fomento San Sebastianek informazio-saioa antolatu zuten oso ondo prestatutako langileen erregularizazioari buruz
Otsailaren 26an, ostirala, bizkaia:talent-ek, Ikerbasquek eta Fomento San Sebastiánek informazio-saioa antolatu zuten oso ondo prestatutako langileen erregularizazioari buruz. Horretarako, Sustatzaileei Laguntzeko eta Nazioarteko Ezarpena Bultzatzeko 14/2013 Lege berriaren ezaugarriak hartu zituzten kontuan.
Talentuak erakartzea funtsezkoa da Euskadiko ikerkuntza eta berrikuntza indartzeko. Europar Batasunetik kanpo datozen profesional prestatu-prestatuak kontratatzeko, erregularizazio-prozesua garatu beharra dago, eta, oro har, oso garestia da. Hori dela eta, Sustatzaileei Laguntzeko eta Nazioarteko Ezarpena Bultzatzeko 14/2013 Lege berriari buruzko jardunaldi monografiko hau antolatu da.
Euskadiko Artxibo Historikoan egindako informazio-saioan, Ikerbasqueko Ainhoa Madariagak, bizkaia:talent-eko Carmen Méndezek eta Fomento de San Sebastiáneko Irene Murillok parte hartu zuten. Oso ondo prestatutako langileen harrerarako izapide eta zerbitzuetako adituak dira, baita EURAXESS Sareko kideak ere. Jardunaldiko protagonista Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren menpeko Enpresa Handi eta Talde Estrategikoen Unitateko Inmaculada Sedano zerbitzuburua izan zen. Erakunde horrek, hain zuzen ere, erantzun arina eman nahi die Europar Batasunetik kanpo Estatu espainolera oso ondo prestatutako langile atzerritarrak ekarri nahi dituzten enpresen premiei.
Jardunaldian bertan, Sustatzaileei buruzko Lege berriak talentudun profesional prestatu-prestatuak erregularizatzeko beharrezkoak diren agirietan nolako eragina izango duen azaldu eta aztertu egin zen. Saioan bertan, behin eta berriro galdetu zen zer zen egokiena: atzerritarrei buruzko arautegiari edo SNL berriari heltzea. Bertaratutako gehienak honako erakunde hauetako pertsonen kudeaketarako sailetako arduradunak izan ziren: CICak, BERCak, euskal unibertsitateak, zentro teknologikoak eta enpresetako I+G-ko unitateak.