Bizkaiko unibertsitate-ikasleak lurraldeko enpresekin lankidetzan aritu dira haien hautaketa-prozesuak hobetzeko
2024/03/25
- Z Belaunaldiko ehun gazte inguruk Bizkaia Talenten Skillathon ekimenean parte hartu dute Bizkaiko sei enpresari langileak hautatzeko prozesua hobetzen laguntzeko.
Martxoaren 18, 19 eta 20an, Bizkaia Talentek Skillathonen beste edizio bat egin zuen Bilboko La Perreran. Dinamikak, Talentia Skills programaren barruan dagoenak, Bizkaiko ikasle-talde hautatua bildu zuen, alegia, hiru euskal unibertsitateetako ahalmen handieneko ikasleak, benetako erronka bati heltzeko.
Aurtengo erronka langileak hautatzeko prozesu bat diseinatzean zetzan, Z Belaunaldiaren espektatibei erantzuteko modukoa, enpresek beren errekrutatze-jardunbideak talentu-belaunaldi berri horren beharrak eta lehentasunak asetzeko egokitu ahal izateko.
Beste erakunde batzuen artean, Ormazabal, Maier, Liftra, Tellmewow, Satlantis eta Fineco – Kutxabank Banku Pribatuak hartu zuten parte ekimenean. Haien ordezkariek gaur egun darabiltzaten errekrutatze-jardunbideak azaldu zizkieten ikasleei, lanean hasi aurretik ezagut zitzaten. Gazteak, hainbat alor akademikotako diziplina anitzeko taldetan banatuta, Design Thinking metodologiaz baliatu (enpatizatu, zehaztu, asmatu, prototipoa egin eta probatu) eta hautaketa-prozesu ideala diseinatu zuten, ondoren enpresei proposamenak aurkezteko.
Skillathonek aukera aparta eman zien ikasleei beren ezagutzak benetako enpresa-ingurune batean aplikatzeko, eta, gainera, enpresa parte-hartzaileek datozen belaunaldi berrien ideia berri eta berritzaileak jaso ahal izan zituzten.