Bizkaia Talentek Small Business Award nazioarteko saria jaso du, talentua hoberen kudeatzen duen erakundearen kategorian
2020/12/16
- Corporate Vision argitalpen britainiarrak bezeroaren arreta eta asebetetzerako, bikaintasunaren aldeko konpromisoari eusteko eta etengabeko berrikuntzarako egiten duen lanagatik saritu du euskal elkartea
Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko lurraldeko giza kapitala sustatzea eta sendotzea xede, Bizkaia Talent sortzeko lehen harria jarri zuenetik 15 urte bete diren urtean, euskal elkarteak talentuaren kudeaketan egiten duen lana aitortzeko bi sari jaso ditu: Place Marketing Award eta Small Business Award.
Oraingoan, Corporate Vision argitalpenak Small Business Award saria eman dio, talentua hoberen kudeatzen duen erakundetzat jota, non bezeroaren arreta eta asebetetzerako, bikaintasunaren aldeko konpromisoari eusteko eta etengabeko berrikuntzarako egiten den lana nabarmentzen den.
Horri ekainean jaso zuena gehitu behar zaio, A&NMT Katedrak (Chaire Attractivité et Nouveau Marketing Territorial) emandako Place Marketing Award nazioarteko saria, hain zuzen, ekonomiaren garapenaren kategorian, zeinak euskal elkartearen bikaintasuna berrikuntzan, jarduna eta lorpen esanguratsuak nabarmendu zituen.
Bizkaia Talenten zuzendari kudeatzaile Ivan Jimenezen hitzetan, sari hauek “berretsi dute bide onetik goazela Be Basque kontzeptu integratzailearen aldeko gure apustuan, digitalizazioa eta profesionalekiko harreman pertsonala uztartzeko estrategiarekin batera; izan ere, horri guztiari esker, mundu-mailako erreferenteetako bat bihurtu gara talentuaren lurralde-kudeaketan, eta horrek aurrera egiteko indarra ematen digu. Era berean, esan beharra dago hau guztia ezinezkoa litzatekeela elkarteko talde apartaren lan bikainik eta gure bazkideen babesik gabe, besteak beste Bizkaiko Foru Aldundiarena, hasieratik bultzatu baitzuen proiektu hau”.
Corporate Vision Magazine
Corporate Vision Magazine argitalpen britainiarrak 155.000 harpidedun ditu mundu osoan, tartean negozioen esparruko liderrak, eta horiei guztiei gai hauen gaineko albiste eta artikulu korporatiboak eskaintzen dizkie: enpresa-estrategia, kasu korporatiboen azterketak, gorantz egiten ari diren joerak, lidergoa, hazteko aukerak eta enpresa-lider nagusien erronkak.
Urtero, enpresa txikien komunitateak mundu-mailan eskaintzeko duen onena bilatu eta Small Business Awards sariarekin aitortzen du. Beste sari batzuk ere ematen ditu, alor hauetan: frankiziak, abiazioa, merkataritza elektronikoa, errekrutatzea, logistika, hezkuntza eta prestakuntza, etab.