Bilbo IMDren 2021eko Hiri Adimendunen Rankingeko Top 10ean dago
2021/11/17
Mikel Arrazola
- Euskal hiriburua 14 postu igo da 2020ko edizioari dagokionez.
Institute for Management Development (IMD) negozio-eskola suitzarrak, munduko onenetakotzat joak, Singapurreko Teknologia eta Diseinu Unibertsitatearekin (SUTD) batera, Hiri Adimendunen Rankingaren (Smart City Index -SCI-) hirugarren edizioa aurkeztu du, zeinaren arabera Bilbo munduko hamargarren hiririk adimendunena den.
Ikerketak 118 hiri sailkatzen ditu, herritarrek teknologiak beren bizitzak nola hobe ditzakeen uste dutena kontuan hartuta, baita NBEren Giza Garapenaren Indizetik (GGI) ateratako ekonomia- eta gizarte-datuak ere. Zehazki, bi oinarri aztertu dira: batetik, egiturak, hirietako azpiegiturak, alegia; bestetik, teknologia, herritarrek eskura dituzten hornidura eta zerbitzu teknologikoak, hain zuzen ere. Bietan, osasun-zerbitzuak eskuratzeko ahalmena, segurtasuna, mugikortasuna, jarduerak, enplegua, hezkuntza eta gobernantza aztertzen dira.
Azterlanaren hirugarren edizioan, Bilbo hamar onenen artean dago; hala, 14 postu igo da aurreko edizioari (2020) dagokionez. Horren arrazoia da zenbait adierazletan puntuazio ona lortu duela, hala nola garraio publikoan, eremu pobreenetako oinarrizko saneamenduan, konektibitate-beharrekin loturik Interneten abiadura/fidagarritasunean, zerbitzu medikoetan eta, egiturei begira, birziklatze-zerbitzuetan. Era berean, online hitzordu medikoen eta kultur jardueren antolaketa, bai eta ikuskizun eta museoetarako online erosketa ere, maila teknologikoan hobetu izanagatik nabarmendu da.
Mundu-mailan, Singapur (1.a), Zurich (2.a) eta Oslo (3.a) daude sailkapenaren buruan, eta, ondoren, Taipei, Lausana, Helsinki, Kopenhage, Genova, Auckland eta Bilbo.
Azterketaren egileek honela nabarmendu dute Bilbo hiria: “Tamainak ez du zertan abantaila izan hiri adimendunetarako. Aurtengo SCIn ikusi dugunez, tamaina ertaineko hiriek, hala nola Oslo, Lausana, Genova eta Bilbok, emaitza bikainak lortu dituzte”.