Euskadi eta bertako kultura, Washingtonen 4 milioi inguru bisitari izan dituen Smithsonian Folklife Festivaleko protagonistak
2016/07/13
Uztailaren 10ean, Smithsonian Folklife Festivalen 50. edizioa amaitu zen, eta, aurton, Euskadi izan da bertako nazio gonbidatua. Munduko kulturen jaialdi handiena da, eta, bertan, lau milioi inguru bisitari elkartu dira euskal kulturaren, nortasunaren eta kolorearen inguruan.
Jaialdia ekainaren 29an hasi zen, eta, egun horietan, bisitariek Euskadiko udalerri txiki bateko elementu bereizgarri guztiez gozatu ahal izan zuten, baina Washingtonen bertan, National Mall ikonikoan, hain zuzen ere, hau da, Kapitoliotik Obeliskora doan zabalgune erraldoian. Izan ere, bertan garatu da jaialdia.
Honako hauexek izan dira bisitarien atentzioa erakartzeko asmoz diseinatu diren giroak: baserria, pilotalekua, tailerra, euskaltegia, bizitokia eta portua. Atari zabaleko ekitaldiko eremuaren azalera 12.000 metro koadrokoa izan da, eta Smithsonian Institutuko arduradunen interesari esker garatu ahal izan da, euskal erakundeekin jarri zirelako harremanetan Folklife Festivalen parte hartu zezatela eskatzeko. Smithsonianaren historian lehen aldiz, hizkuntza batek berezko eremua izan du ekitaldian bertan.
Azken hilabeteotan, Euskadi euskal interesei begira oso garrantzitsua den bidaia horren xehetasun guztiak egon da prestatzen. Izan ere, Euskadik Estatu Batuetako bihotzak eskainitako erakusleiho paregabeari atera ahal izan dio onura munduko mapan lekuratzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzak nahiz hiru aldundiek agenda estu-estua garatu dute Ipar Amerikako eragile instituzional eta enpresarialekin.
AUKERA APARTA
Aukera aparta zenez, Petronor, Telefónica, Repsol, Iberdrola edo antzeko enpresek ekimenarekin bat egin dute interes bateratuari begira: euskal ekonomiak bere lekua aurkitzea Estatu Batuetako unibertsoan.
Guzti-guztiek beste enpresa batzuentzako sustatzaileak izan nahi zuten, oso errotuta daudelako herrialde honetan.
Askoren agendetan, etorkizunerako topaketa ugari agertzen dira, baina, batez ere, aeronautikaren arloan. Bertan, hain zuzen ere, EGA Master eta Aernnova konpainien erakusketak izan dira harrigarriak.
Bestetik, ahaldun nagusiak, Unai Rementeriak, baieztatu egin du Smithsonian FolkLife Festivalen parte hartzeko asmoz Washingtonera egindako bidaiaren eta aldi berean garatutako agenda ekonomikoaren ondorioz, ateak ireki ahal izan dituztela Estatu Batuetan, kulturaren, enpresaren nahiz politikaren arloan. Bileraz eta ekitaldiz betetako astearen ostean Rementeriak egindako balantzearen zati bat izan da, eta, bertan, Euskadiko zein Estatu Batuetako instituzioek eta enpresek parte hartu dute, baita FolkLife Festivaleko bisitari guztiek ere.
Joan diren asteetan, topaketak egin dira gobernu federaleko agintariekin energiako eta barne-arazoetako sailetan, baita Senatuko eta Maryland, Idaho zein Nevadako estatuetako ordezkariekin ere. Alde horretatik, ahaldun nagusiak erakundeen eta enpresen arteko lankidetza balioetsi du: “arlo ekonomikoan, erakundeen arteko eta enpresekiko lankidetza nabarmendu nahi dut. Azkar joan nahi baduzu, zoaz bakarrik, baina, urrun iritsi nahi baduzu, egizu lankidetzapean. Guk geuk formula horren alde egiten dugu, eta aukerak bilatzen lagunduko diegu enpresei, Bizkairako aberastasun eta enplegu gehiago lortuko dugulako horrela”.