Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapeneko diputatuak Talentia zerbitzuko programari dagozkion diplomak banatu ditu
- Euskadiko hiru unibertsitateetako 227 ikaslek hartu dute parte Talentia programaren bederatzigarren edizioan eta Talentia Profesionaltasunerako Trebetasunak izenekoaren laugarrenean.
Imanol Pradales Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapeneko diputatua izan da Talentia programen diploma-banaketa ekitaldiko mahaiburua; ondoan izan ditu Deustuko Unibertsitatean Alumni-ren zuzendari Jesús Riaño, EHUko Bizkaiko campuseko errektoreorde Patxi Juaristi, Mondragon Unibertsitateko nazioarteko harremanen arduradun Modesto Mateos, Bilbao Metropoliren zuzendari nagusi Alfonso Martínez, Euskal Herriko Kimikarien Elkargo Ofizialeko dekano María Pilar González, Ekonomisten Euskal Elkargoko lan-arduradun Iluminada Aparicio eta Bide, Kanal eta Portuetako Ingeniarien Elkargoko dekano José Tesán.
Pradalesek Talentia egiten ari den ibilbide luze eta arrakastatsua balioetsi du; izan ere, orain arteko bederatzi edizioetan, goi-mailako 1.400 profesionalek baino gehiagok osaturiko sareari prestakuntza ematen lagundu du. “Balioetsi nahi ditut Deustuko Unibertsitatearekin, EHUrekin eta Mondragon Unibertsitatearekin, bai eta elkargo profesionalekin eta Bilbao Metropoli 30ekin ere, elkarlanean egindako bederatzi urte hauek”.
Azken edizio honetan, 227 ikaslek hartu dute parte, guztira: 182k Talentia programan, eta 45ek garapen profesionalerako zeharkako trebetasunetan ardazturiko Talentia Trebetasunak izenekoan. Diputatuak nabarmendu du “punta-puntako talentua” dela, “Bizkaiko lurraldearen garapenaren zerbitzura”, eta ikasleei esan die eurak direla “herrialde gisa dugun aktiborik onena”, bai eta oraina ez ezik, etorkizuna ere: “Zuen esku dago etorkizunean herrialde hau bilakatzen jarraituko duten proiektuen baitako erronketako asko garatu ahal izatea”.
Talentia zerbitzuko programak
Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta, Bizkaia Talenten bidez eta Euskadiko hiru unibertsitateekin elkarlanean, Talentia programaren xedea da ahalmenik handieneko unibertsitate-ikasle bizkaitarrei orientabidea eskaintzea, beren etorkizun profesionala prestatzeko, Bizkaiko zientzia-, teknologia- eta enpresa-arloko proiektuak ezagutzeko, eta Euskadiko enpresa-, zientzia- eta gizarte-esparruetako pertsona garrantzitsuengana hurbiltzeko.
Talentia Profesionaltasunerako Trebetasunak Bizkaiko unibertsitate-ikasleentzat da, lau urtez laguntza pertsonalizatua jaso dezaten lan-merkatuan eskatzen ari diren zeharkako trebetasunak garatzeko. Programa Bizkaia Talentek zuzentzen du, ondoko hauekin koordinatuta: batetik, Bilbao Metropoli 30, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea, Deustuko eta EHUko Unibertsitateetako Zuzenbide Fakultateak, Deustuko Unibertsitateko Deusto Business School, EHUko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa, Deustuko Ingeniaritza Goi Eskola (ESIDE), Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa, EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultatea; bestetik, bederatzi elkargo profesional: Ekonomistena, Euskal Herriko Kimikari eta Ingeniariena, Euskal Herriko Bide, Kanal eta Portuetako Ingeniariena, Abokatuena, Industria Ingeniariena, Geologoena eta Euskal Herriko Psikologoena.