Bizkaiko ahalmen handieneko talentuak eta lurraldeko enpresek elkar ezagutu dute
2023/05/17
- Hiru euskal unibertsitateetako 60 ikasle eta graduatu berrik Bizkaiko puntako bederatzi enpresa bisitatu dituzte.
Unibertsitate-ikasturtearen amaierarekin batera, Talentia Skills programaren barruan antolatutako jarduerak ere laster bukatuko dira. Bikaintasun-programa horren helburu nagusia Bizkaiko ahalmen handieneko graduko ikasleen zeharkako gaitasunak garatzea izanik, azken bi hilabeteetan hala prestakuntza-tailerretan nola coaching- eta mentoring-saioetan parte hartu dute, besteak beste.
Gainera, duela gutxi, laugarren mailako ikasleek azken jardueraz gozatzeko aukera izan dute, Talentia Meet izenekoaz, hain zuzen ere, zeinak lurraldeko bederatzi erakunde hauek bisitatzera eraman dituen: Alterity, Arteche, BCAM – Matematika Aplikatuen Euskal Zentroa, Fineco, GHI Smart Furnaces, Maier, Ormazabal, Schneider Electric eta Zunibal. Izan ere, programaren xede garrantzitsuenetakoa da talentu gaztea modu proaktiboan hurbiltzea Euskadiko enpresetara eta erreferentziazko sektoreetara. Bai bere garaian Talentia Skills programan parte hartu zuten junior profesionalek bai nazioarteko master- eta doktoretza-ikasleek ere egin dituzte bisita hauek, guztiak Be Basque Ambassadors programako partaideak izanik.
Aipatu beharra dago Talentia Meetek talentu gaztearen eta konpainietako giza baliabideen ordezkarien arteko topagune interesgarria sortu duela. Batetik, gazteek zuzenean ezagutu ahal izan dituzte enpresen proiektuak, langileen lan-ongizaterako politikak, lan-eredua edo eskaintzen dituzten aukera profesionalak. Bestetik, erakundeei epe labur eta ertainerako kontratazioetarako hautagai potentzialak ezagutzeko balio izan die, bai eta gazte horiek lehen enpleguari eta garapen profesionalari dagokienez zein itxaropen dituzten jakiteko ere.