Bizkaiko unibertsitate-talentuak eta lurraldeko enpresa erreferenteek harremanak estutu dituzte

- Talentia Skills programako hirugarren eta laugarren mailako 135 ikaslek Bizkaiko zortzi erakunde erreferente bisitatu dituzte
Ikasturtea bezala, Talentia Skills programako jarduerak ere aurrera doaz, alegia, Bizkaiko ahalmen handieneko unibertsitate-ikasleen zeharkako gaitasunak sustatzeko eta enpresa-ekosistemarekin harremanetan sar daitezen errazteko diseinatutako bikaintasun-programaren barruan antolatutakoak. Ekimenen artean, Talentia Meet nabarmentzen da, talentu gaztearen eta Bizkaiko enpresen arteko zuzeneko harremana bultzatzeko topaketa.
Azken asteotan, hirugarren eta laugarren mailako 135 ikaslek hainbat sektore eta tamainatako zortzi erakunde erreferenteren instalazioak bisitatu dituzte, Bizkaiko enpresa-sarearen aniztasunaren eta aberastasunaren isla direnak. Sener, Agintzari, Fineco, Maier, Iberdrolaren Global Smart Grids Innovation Hub, SOC-E, NTT Data eta Adresles erakundeek beren proiektua sakonki ezagutzeko aukera eman diete.
Topaketak esperientzia aberasgarria izan dira bai lan-merkatuan sartzear dauden gazteentzat bai talentu bila dabiltzan enpresentzat. Batetik, ikasleek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte enpresa-proiektuak, lan-ereduak, lanbide-ikuspegiak eta lan-ongizateko politikak, besteren artean. Aldi berean, enpresek beren etorkizuneko hautagaiak ezagutu eta hobeto ulertu ahal izan dituzte lehen enpleguari dagokionez dituzten espektatibak.