200 talentu gaztek baino gehiagok gizarte-inpaktu positiboa eragiten duten Bizkaiko sei erakunde ezagutu dituzte
- Saio birtualak Bizkaia Talenten Talentia Skills programaren barruan egin dira
Abenduaren 7tik 11rako astean, Euskadiko hiru unibertsitateetako (Deustuko Unibertsitatea, EHU eta Mondragon Unibertsitatea) 229 ikaslek Gizarte Ekintzako hainbat bileratan parte hartzeko aukera izan zuten, saio birtual interaktiboen bidez, Bizkaiko sei erakunderekin batera, zeinak beren proiektuen bidez gizarte-inpaktu positiboa eragin nahi duten.
Ekimena Bizkaia Talenten Talentia Skills programaren esparrukoa da, lau urte irauten du, eta helburu du ikasleen zeharkako trebetasunak garatzea, haien prestakuntza-aldian laguntza ematea eta Euskadiko erreferentziazko enpresetara eta sektoreetara modu positiboan gerturatzea.
Zehazki, erakunde hauek parte hartu zuten gizarte-ekintzako bileretan:
- FORMARTE. Prestakuntza-zentro honek garapen pertsonal eta profesionalerako programa bat eskaintzen die, arte-sorkuntzaren bidez, desgaitasun psikiko edota intelektuala duten pertsonei.
- CÁRITAS BIZKAIA. Erakunde honen xedea da pertsonen eta herrien garapen integrala sustatzea, bereziki behartsu eta baztertuenena.
- 3D SOCIAL MOVEMENT. Gizarte-aholkularitza integrala da, erakunde publiko nahiz pribatuei gizarte-berrikuntzako ekimenak diseinatzen eta garatzen laguntzen diena.
- LECTURA FÁCIL. Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonei irakurketa errazteko proiektua.
- LANTEGI BATUAK. Irabazi-asmorik gabea, erakunde honek desgaitasuna duten pertsonentzako lan-aukerak sortzen ditu, Bizkaian, haien inklusioa eta ahalik eta garapen eta bizi-kalitate handiena lortzeko.
- CRUZ ROJA BIZKAIA. Erakunde humanitario boluntario honen helburua da klima-aldaketaren, emakumeen kontrako indarkeriaren eta pertsonen bakardadearen kontra borrokatzea, hala nola migratzaileen arretaren, kolektibo zaurgarriekin lan egitearen eta larrialdi-egoerei berehalako erantzuna ematearen alde.
Hainbat prestakuntza-saio
2020. urtean, bigarren, hirugarren eta laugarren mailako ikasleek taldekako coaching-saioetan parte hartu dute, bai eta estrategia eta ausardiari, adierazpenezko komunikazioari eta Linkedln sare sozialaren optimizazioari buruzko tailerretan ere, besteak beste.