Foru Aldundiak Talentia Challenge programa abian jarri du euskal erakundeen laguntzaz, Bizkaiko talentu gazteei erronka botatzeko
- IDOMek, ARTECHEK, BIZKAIA PARKEAK, LANTEGI BATUAK erakundeak eta Foru Aldundiak berak baieztatu egin dute proiektuan parte hartuko dutela, eta euren erronkak aurkeztu dituzte
- Parte-hartzaile hautatuek lau hileko laguntasun-prozesua egingo dute erronketan inplikatutako enpresako tutorearekin, baita taldeari garatzen lagunduko dion team coacha eta adituek eskainitako mentoringa
Berriro ere, Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldean oso ondo prestatuta dauden gazteen aldeko apustu irmoa egin du, eta, gazte horiek sustatzeko asmoz, Talentia Challenge programa abian jarri berri du bizkaia talent elkartearen bidez eta lurraldeko sistema ekonomikoko zenbait enpresa sustatzaileren laguntzaz.
Ekimen berritzailea da, eta ondo baino hobeto prestatutako profesionalak gure lurraldera erakartzeko, berton geratzeko eta inplikatzeko baldintzak eta prozesuak sustatzea dauka helburu, baita euskal erakundeetako berrikuntza eta jakintza aurreratua bultzatzea ere.
Ekimen hau Talentia programa ezagun bezain beteranoan dago oinarrituta, eta, bertako zazpi edizioetan, Euskadiko hiru unibertsitateetan (EHU, Deusto eta Mondragon) Bizkaiko ahalmen handiena daukaten graduko azken mailako 1.000tik gora ikaslek parte hartu dute orain arte, gure herrialdeko errealitate zientifiko, teknologiko eta enpresariala ezagutzeko eta garapen profesionalerako orientazioa jasotzeko.
Bizkaia talenteko Ivan Jimenez zuzendari gerenteak adierazi duenez, “Talentia Challenge programaren bitartez harago joan nahi dugunez, masterra egiten ari diren Talentia programako parte-hartzaileei behar besteko aukera emango diegu, enpresak berak proposatutako benetako erronkari aurre egiteko. Erronka horri, hain zuzen ere, masterreko Talentia ikasleek osatutako diziplina anitzeko taldeak eman beharko dio konponbidea, kasuan kasuko premiak kontuan hartuta”.
Orain arte, Bizkaian erreferentzia diren zenbait enpresak baieztatu dute proiektuan parte hartuko dutela, eta euren erronkak aurkeztu dituzte: IDOM, ARTECHE, BIZKAIA PARKEA, LANTEGI BATUAK eta Foru Aldundia bera.
ERRONKAK
Talentia Challenge programako parte-hartzaileek gainditu beharreko erronken artean, Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutakoa dago, eta gazteek zerbitzuak erabiltzeko tresna sortzea dauka helburu. Gazte Txartelaren bertsio berriak behar besteko aukera eman beharko du, beken, garraioen zein ikasketen arloko laguntzak eskuratzeko eta zerbitzu gehiago erraz-erraz eransteko.
Era berean, programako protagonistek produktu-lerro baten inguruko e-Commercerako eredua ere garatu beharko dute, betearazpenerako dinamika egokiak sortzeko. Horrez gain, Arteche Taldeko produktu estandarizatuak on line saltzeko negozio-eredua ere aztertu eta zehaztu egin beharko dute. Halaber, behar bezala ere aztertu beharko dute, IDOM erakundeak nola egin dezakeen datuak erkatzeko eta merkatuko adierazleak zein joerak lortzeko aginte-taula.
Lantegi Batuak erakundearen erronkan gaur egun dituen negozio-jarduerak eraldatu behar izango direnez, Bizkaiko desgaituentzako alternatiba eta enplegu-eremu berriak bilatu beharko dira. Bestetik, Bizkaiko Parke Teknologikoak Talentia Challengeko parte-hartzaileei bota die erronka, bertan finkatutako profesional eta enpresei begira parkearen beraren balio erantsia gehitu dezaten. Horretarako, premia, joera, produktu eta zerbitzu berritzaileak bilatu beharko dituzte.
Erakundeak berak eta taldeetako coachek programan zehaztutako “mugarrien edo Quick Winen” jarraipena eta koordinazioa ere eskaini ahal izango dizkiete enpresa eta erakunde parte-hartzaile guztiei, enpresaren ERRONKAN lagunduko duten profesional espezializatuen eta aholkularien eskutik.
Modu berean, erakundeek halaxe nahi izanez gero, lanak aurkezteko eta ebaluatzeko saioetara ere joan ahal izango dira, edo aurkezpenerako zein eztabaidarako saioa ere eduki ahal izango dute nahi dituzten talde eta lanen inguruan.
Erronkei erantzuteko, izangai parte-hartzaile guztien arteko hautaketa-prozesua egin ondoren, Talentia programaren edizioetan parte hartu duten 5-7na ikasleko diziplina anitzeko sei talde sortuko dira. Euskal unibertsitateetako diziplina akademiko guztietako profilak izango dira, espediente akademiko onenak izango dituzte eta erronka bakoitzari aurre egiteko prestakuntza bereziak izango dituzte.
Bizkaia talenteko zuzendariak iragarri duenez, “datorren urteko otsailetik ekainera, parte-hartzaile hautatuek lau hileko laguntasun-prozesua egingo dute erronketan inplikatutako enpresako tutorearekin, baita taldeari garatzen lagunduko dion team coacha eta zenbait diziplinatako adituek eskainitako mentoringa ere. Izan ere, proposatutako erronkari aurre egiteko jarri ahal izango dira harremanetan haiekin”. Modu berean, erronkei aurre egiteko hautatutako guztiek metodologia berritzaileei buruzko prestakuntza jasoko dute.