EUSKAL OSASUN SISTEMA
1. Sarrera
Euskadik herritarren beharrak estaltzeko osasun-azpiegitura zabala eskaintzen du Eusko Jaurlaritzaren Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren edo osasun-zentro pribatuen bitartez.
Atzerritar batek Euskadin lan egiten badu eta Gizarte Segurantzan kotizatzen badu, Gizarte Segurantzako Txartela jasoko du; bertan, haren datu pertsonalak eta afiliazio-zenbakia azalduko dira. Gizarte Segurantzako afiliazio-txartelarekin osasun-txartel indibiduala eskatu daiteke etxetik gertuen dagoen osasun-zentroan. Txartel horren bidez titularrak eta haren familiartekoek tratamendu medikoa zein ospitaleko tratamendua jaso ahal izango dute.
2. Osasun publikoa
Osasun-txartel indibiduala
Osasun txartela da Osasun Sailak bermatzen dituen osasun-zerbitzuak erabili ahal izateko herritar guztiek behar duten egiaztagiria.
Osasun Txartela eskuratzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea.
Kudeaketa-prozedura:
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zentroetako Bezeroaren Arretarako Guneetan bideratuko dira hala eskatzen duten pertsonen Osasun Txartelaren eskabideak.
Eskabideaz gain, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
- Eskatzailearen identifikazio-agiriaren kopia (NAN, familia-liburua, pasaportea edo baliokidea).
- Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatua dagoela adierazten duen ziurtagiri edo erroldatze-agiria.
- Osasun-laguntzarako eskubidea aitortzeko agiria, GSINk emana.
- Jatorriko Erkidegoko Osasun Txartela, egoitzaz aldatu bada.
3. Osasun pribatua
Osasun pribatua nahi dutenek Espainiako Estatuan estaldura duen gaixotasun-aseguru bat kontratatu dezakete beren jatorrizko herrialdean, edota Euskadin dagoen edozein mediku-sozietate pribatu kontratatu dezakete.
Jarraian, mediku-sozietate pribatu nagusien zerrenda bat ematen dugu:
4. Farmaziak
Sendagaiak farmazietan bakarrik saltzen dira. Orokorrean, osasun-laguntzako medikuak emandako errezeta aurkeztu behar du erabiltzaileak.
Hiru Lurralde Historikoetako Farmazia Elkargoetako web orrietan Farmaziei eta Guardiako farmaziei buruzko informazio praktiko osoa aurkituko duzu:
5. Osasun-larrialdiak
Osasun-larrialdi bat gaixoaren bizitza arriskuan dagoen osasun-egoera oso larri bat da.
Osasun-larrialdi baten aurrean bazaude, hots, gaixoaren bizitza arriskuan badago, deitu 112 zenbakira.
6. Urgentziak
Gaixoak osasun-laguntza ahalik eta lasterren behar duenean, baina, momentuz, haren bizitza arriskuan ez dagoenean, osasun-urgentzia bat dela esango dugu.
Osasun-urgentzia bat ikusten baduzu, deitu Osasun Txartelean (OTI) azaltzen den larrialdietarako arretarako zenbakira.