Euskadi, inbertsio atzerritarrerako lurralde erakargarria, Financial Times kazetaren arabera
- Munduko 112 tokiren artean, “Invest in the Basque Country” ekimena nabarmendu du, SPRIk eta Eusko Jaurlaritzak garatua
Financial Times taldeko Fdi Intelligence aldizkariak adierazi du Euskadi lurralde erakargarria dela atzerritarrek egin ditzaketen inbertsioetarako. 112 eskualde aztertu ostean, merkatuen posizionamenduan eta nazioarteko inbertsioen fluxuan espezializaturiko agerkariak Euskadiko “Invest In the Basque Country” estrategia publikoaren lau alderdi azpimarratu ditu.
“Strategy Awards” sariei buruzko txostenak hauexek nabarmendu ditu: Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) dagoeneko ezarritako kapital atzerritarreko enpresek jasotzen duten laguntza; Bind 4.0, startup-ak bizkortzeko programa publiko-pribatua; pizgarri-sistemak; eta inbertsio atzerritarra erakartzeko proiektuetako bat: Viralgen, terapia genikorako Europako ekoizpen-zentrorik handiena.
Egun, EAEn, kapital atzerritarreko eta 10 langiletik gorako 1.000 enpresa baino gehiago daude; enpresa guztien % 10 dira, eta denen artean 52.000 langile dituzte. Industriak inbertsio atzerritarreko enpresen ia % 46 biltzen ditu, eta haien batezbesteko tamaina batez bestekoa baino handiagoa da. Enpresa horiek, 2015ean, % 13tik gorako ekarpena egin zioten BPGd-ri, eta, 2008-2015 epealdian, enpleguaren % 9,9 eragin zuten.
Hirugarren aldiz jarraian aintzatetsia
Egunkari britainiarrak hirugarren aldiz nabarmendu du Euskadin inbertsio atzerritarra erakartzeko garatzen den lana. Iaz, inbertsio atzerritarrari begira, Europako hegoaldeko 10 eskualde onenen artean kokatu zuen, bai eta Europa osoko eskualde ertainen arteko 10 onenen artean ere. Aurreko urtean, Europako seigarren eskualde onentzat jo zuen, inbertsio atzerritarrerako, era berean, eta adierazi zuen eskualde ertainen artean Euskadin dagoela azpiegitura logistikorik onena.