Bizkaia Talentek ekintzaileen, ikertzaileen eta goi-mailako prestakuntzadun langileen nazioarteko kontratazioa izapidetzeari buruzko jardunaldia antolatu zuen
- Inmaculada Sedanok azaldu zituen, jardunaldi teknikoan, Europako Batasunetik (EB) kanpoko goi-mailako prestakuntzadun langileen eta ikertzaileen erregularizazioari buruzko jakingarriak.
Joan den ekainaren 14an Bizkaia Talentek BIC Bizkaian (Derio) antolaturiko saio teknikoan, Inmaculada Sedanok, Enpresa Handien eta Kolektibo Estrategikoen Unitateko Zerbitzuburuak, Enpleguaren, Migrazioen eta Gizarte Segurantzaren Ministerioaren mendeko erakundekoak, gure industriak eta akademiak izaten dituzten zalantzen berri eman eta argitu egin zituen.
Talentua erakartzea funtsezkoa da Euskadiko enpresa-ehundura zientifiko-teknikoa sendotzeko. Halere, gure erakundeek gero eta zailtasun gehiago dituzte profil zehatzak topatzeko, eta EBtik kanpo bilatu behar dituzte; horretarako, erregularizazio-prozesu bat burutu behar dute, normalean oso garestia, 14/2013 Legea indarrean badago ere.
Inmaculada Sedanok atzerritartasun-araubideen berri eman zuen, eta 4/2000 Lege Organikoaren eta 14/2013 Legearen arteko aldeak azaldu zituen, bai eta bigarrenaren nobedade nagusiak eta aplikazio-eremua ere. Saioko konturik garrantzitsuenetako bat izan zen zer jotzen duten Legezko Erakundeen Identifikatzaileek (LEI) goi-mailako prestakuntzadun langiletzat, zer jotzen dugun lan-harremantzat edo harreman profesionaltzat, eta zer-nolako garrantzia duen ikertzaileen egoera aztertzea baimen egokia izapidetzeko eta aukeratzeko orduan, haien abiapuntua eta etorkizuneko ibilbidea edo familiarekin batera datozen aintzat hartuta. Horrez gain, Sedanok inbertitzaileek, ekintzaileek eta enpresa arteko langileek bete beharreko prozedurak gogoratu zituen.
Jardunaldian parte hartu zuten, halaber, Ivan Jimenez Bizkaia Talenten zuzendari gerenteak, zeinak talentua erakartzeari eta atxikitzeari dagokienez Euskadiko egoera azaldu zuen, Carmen Méndez Bizkaia Talenteko kideak eta Mireia Azpiazu Gipuzkoa Talentekoak, biak ere nazioarteko ikertzaileen eta goi-mailako prestakuntzadun langileen izapidetzean eta harrera-zerbitzuan espezialistak.