Industria arloko etorkizuneko joerak markatzen dituen EBko Vanguard sareko presidentetza hartu du Euskadik
2015/07/14
Politika industrialak lideratzen dituzten Europar Batasuneko 20 eskualdeak integratzen dituen Vanguard sareko presidentetza hartu du. Euskadik garapen industrialen berri izango du eta informazio hori lagungarri izango zaio merkatu nitxo berriak aldez aurretik detektatzeko. Ekonomi Garapen Saileko eta SPRIko ordezkariak elementu nabarmen bihurtu dira ekimenak martxan daramatzan ia bi urteetan.
Euskadik politika industrialak lideratzen dituzten Europar Batasuneko 20 eskualdeak integratzen dituen Vanguard sareko presidentetza hartu du. Foro horretan lantzen dira industriarako etorkizuneko joerak, hala nola laugarren iraultza industriala, 4.0 industria bezala ezagutzen dena eta Eusko Jaurlaritzak aktiboki bultzatzen duena horretarako estrategia baten barruan.
Vanguard Sarean parte hartzen duenez, Euskadik garapen industrialen berri izango du, eta hala, aldez aurretik detektatu ahal izango ditu merkatu nitxo berriak eta teknologia berriak jarri ahal izango ditu martxan. Euskadi izango da “Vanguard Initiative” ekimenean parte hartuko duten Europako hogei eskualdeetako bat. Proiektu horrek jakintza eta esperientzia eskainiko dio Europako Batzordeari, Fabrikazio Aurreratuan oinarrituriko Europako industriaren birsorkuntza helburutzat harturik.
Hain zuzen, ekimenaren lehenengo urte honetan, Eusko Jaurlaritzak Bruselan dituen ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Saileko ordezkariak (SPRI Taldearen bitartez) elementu nabarmen bihurtu dira espezializazio adimendunaren ildo estrategikoak EBrekin definitzeko orduan.
Vanguard Initiative (Vanguard Initiative) ekimena Europa mailako lankidetza-modu berritzaile bat da, baliabideak mobilizatzeko eta lerrokatzeko modu berriak proposatzen dituena, oinarritzat hartzen duelarik eskualdeen espezializazio adimenduna eta klusterretan oinarritutako eskualde arteko lankidetza. Euskadik proiektu honetan parte hartuko du Eusko Jaurlaritzaren gidalerroak EBren estrategiarekin bat datozen une berean, hots, kluster politika eskualdeko estrategiekin (RIS3) lerrokatzeko erabakia hartu denean. Hala, gure ekonomiaren eraldaketa produktiboa bultzatu nahi da, lehiakortasun abantaila berriak eraikitzeko eta epe ertain eta luzera enplegua eta ongizatea lortzeko.
“Vanguard” ekimena 2013ko azaroaren 8an Europako Legebiltzarrean antolatutako “Regions as motors of new growth by smart specialization” gailurrean sortu zen, Europako industriaren birsorkuntzari buruzko eztabaida-gune zabalago batean, eta Fabrikazio Aurreratuan (Advanced Manufacturing ADMA) zentratu da batez ere.
Vanguard Initiative ekimenak helburutzat du baita ere kluster industrialen nazioartekotzea bultzatzea; horretarako, eskualde arteko sare efektua aprobetxatuko du EBko berrikuntzaren alde modu koordinatuan lan egiteko borondate politikoa duten eskualdeekin, hau da, beren klusterrak nazioartekotzeko konpromisoa hartua duten eta beren RIS3 estrategiaren bidez potentzial globala identifikatua duten eskualdeekin.