Nazioarteko komunitateak Basque BioDesign Center eta Karrantza bisitatu ditu
- Hogei graduondoko ikasketadun eta goi-mailako prestakuntzadun profesional inguruk biodiseinua nagusi den tokia bisitatu zuten, non ikuspegi estrategikoa material iraunkorren berrikuntzara bideratuta dagoen.
Joan den maiatzaren 21ean, Relocation & Be Basque Dual Career Centre zerbitzuaren erabiltzaileek eta Be Basque Ambassadors programako graduondoko ikasketadunek Bizkaia Talentek antolatutako azken jarduera soziokulturalean parte hartu zuten.
Oraingoan, Gueñesen (Bizkaia), Basque BioDesign Center bisitatu zuten, egungo modari eta diseinuari eskainitako ikerketa-zentroa, hain zuzen ere. Adele Orcajada zentroko zuzendari akademikoak, anfitrioi-lana eginez, biodiseinuaren alorreko sortzaileentzako gunea erakutsi zien, zer-nolako programak eta tailerrak eskaintzen dituzten azaltzeaz batera, eta laborategiak bisitatzera eta diseinatzaileen nahiz ikasleen ikerketen emaitzetako batzuk ikustera gonbidatu zituen.
Bisitaren ostean, parte-hartzaileak Karrantzara joan ziren indianoek inguru horretara ekarritakoak ezagutzera. Joseba Cerro Aguinagalde gidariak, Karrantzakoa bera, Biañezko Eliza Zaharra eta Hipolita Santisteban La Huertona-ren Etxea erakutsi zizkien, baita San Andres Elizako XV. eta XVI. mendeetako erretaula margotua ere.
Bisita antolatu horiek amaitu eta gero Karrantzako Bainuetxean bazkaldu zuten, XIX. eta XX. mendeetako aberatsak modaz eta aisialdiaz gozatzeko elkartzen ziren lekuan, alegia.
Jardueran parte hartu zuten graduondoko ikasketadunak eta goi-mailako prestakuntzadun profesionalak herrialde hauetakoak dira: Kolonbia, Ekuador, India, Italia, Malaysia, Mexiko, Peru, Dominikar Errepublika, Sudan, Suitza edo Espainiako Estatua; eta beren ikasketak edo lanbidea Biofisika Institutuan, Bridgestonen, Tecnalia Fundazioan, Nemergent Solutionsen, EHUn edo Deustuko Unibertsitatean garatzen ari dira.