Talentia Programako bisitaldi teknikoak hasi dira
2016/04/25
Apirileko bigarren hamabostaldiaren eta maiatzaren artean, Bizkaiko erakunde ospetsuetarako bisitaldi teknikoak ere egingo dira: Biocruces, Ede Fundazioa, Euskal Irrati Telebista (EiTB), Gaiker – IK4, Guggenheim Bilbao, Idom, Lamiako Eskola, Lancor (Ner Group), Lauaxeta Ikastola, LKS Group, Tecnalia Research & Innovation eta B+I Strategy.
Halaber, parte-hartzaile guztiek zenbait prestakuntza-tailer ere egin ahal izango dituzte, eta, haien artean, BEAZeko Ekintzailetza Tailerra egongo da, iaz berritasun moduan aurkeztu ondoren harrera ona eduki zuen-eta. Tailer horretan, ekintzailetzaren mundura hurbiltzeko oinarrizko nozioak eskainiko zaizkie, talentiek bidaia zail bezain kilikagarri hori oinarrizko ikuspegi globaletik miresteko aukera izan dezaten.
Zazpigarren edizio honetan, Nazioarteko Ezarpenerako Tailer arrakastatsua egingo da berriro, eta, lehen aldiz, Profesionaltasunerako Trebetasunen Programa aitzindariko parte-hartzaileekin batera garatuko da Bizkaian.
Era berean, Profesionaltasunaren Tailerra ere egingo da Bilbao Metrópoli 30ekin, belaunaldi berrientzat profesionala izatea benetan zer den zuzen-zuzenean jakin ahal izateko.
TALENTIA SAREA
Talentia Programako parte-hartzaileak TALENTIA SAREKO kideak izango dira. Gaur egun, programaren aurreko edizioetan parte hartu duten 1.000 lagunek baino gehiagok osatzen dute sare hori. Horrez gain, lanerako zein lankidetzarako sareak eratzeko eta sendotzeko egiten diren topaketetara ere joan ahal izango dira, eta hainbat harreman profesional lortu ahal izango dituzte bertan.