Gasteiz Euskadiko hiriburua, mundu mailako Hiri Berdea
2019/09/17
- NBEren “Global Green City Award” saria jaso du hiri iraunkorra izateko lan nabarmengarriarengatik eta bere ingurumenarekiko konpromisoarengatik
2012an, Gasteiz European Green Capital (Europako Hiriburu Berdea) bilakatu zen; orain, 2019an, berriz, Global Green City (Mundu Mailako Hiri Berdea) izendatu dute. Aparteko titulu hori duten hirien artean hurrengoak azpimarra daitezke: Viena (Austria), Vancouver (Kanada), Oakland (Ameriketako Estatu Batuak), Curitiba (Brasil), Nantes (Frantzia), Mannheim (Alemania) eta Yokohama (Japonia).
Aipatu saria NBEk babesten duen Global Forum on Human Settlements erakundeak eman dio Gasteizi, urtero antolatzen duen eztabaidarako eta azterketarako foroan. Aurtengoa hamaulagarrena izan da, eta Adis Abebak, Etiopiako hiriburuak, hartu du.
Epaimahaiak 85 adierazle aztertu ditu, zeinak ondoko kategorietan banatuta egon diren: mugikortasun iraunkorra, eraginkortasun energetikoa, “smart city”, “zero waste”, espazio publikoari begirako politikak, lurraldearen erabilera iraunkorra, ura, ingurumena, oinarrizko zerbitzuak, lurraldearen garapen iraunkorra, ekonomia zirkularra, nekazaritzako elikagaien estrategia, gobernamendua, berrikuntza eta ondarearen babesa.
Berdegune ugari eta bidegorri luze-luzeak
Berdeguneak direla eta, Gasteizek 42 metro koadro ditu biztanle bakoitzeko, eta 2,5 minutu baino gutxiago behar dira oinez batetik beste batera heltzeko. Halaber, 150 kilometro baino gehiagoko bidegorri-sarea du ―Estatuko bigarren hiririk onena da bizikletaz mugitzeko―, bai eta 285 espezietako 115.000 zuhaitz ere.