World Cuisine League ligako beste saio bat lan-birkokapeneko esperientzia inspiratzaileak ezagutzeko
2021/03/12
- Neha Malhotra ingeniari indiarrak Bilbora etorri zenetik bizi izan duen esperientzia kontatu du, eta bere sorterriko errezeta tipiko bat prestatzeko funtsezko azalpenak eman ditu
Bizkaia Talentek online topaketak antolatzen jarraitzen du, nazioarteko komunitatea harremanetan egoten eta esparru horretan networkinga sendotzen segitzeko. Horren adibide World Cuisine League (WCL) dugu, non profesional parte-hartzaileek beren herrialdeetako errezeta adierazgarri bat hautatu eta, nola prestatu azaldu bitartean, Euskadira iritsi zirenean bizi izan zituzten esperientzien berri ematen duten, hala profesionalena nola pertsonalena.
Joan den martxoaren 9an, liga berezi honen hirugarren saioa egin zen. Indiari eskainia, Neha Malhotra ingeniari informatikoa izan zuen protagonista; zientzia sozial eta juridikoetan masterra ere badu, eta egun Bilbon ari da lanean. Malhotrak Matar Paneer Curry -curry begetarianoa ilarrekin eta gazta freskoarekin- prestatzen erakutsi zien parte-hartzaileei, eta, bitartean, gure lurraldera iritsi zenean izandako esperientzia kontatu zuen: aurretik ez zuenez inolako eskarmenturik nazioartean, ikusmolde positiboari heldu zion ingurune berrira egokitzeko aukerak bilatu bitartean, eta, era berean, iraganeko esperientzia Euskadiko lan-merkatuko eskari berriekin bat egiten ahalegindu zen.
Halaber, aurrera egiten jarraitu ahal izateko hainbat erronka nabarmendu zituen: zailtasun linguistikoak (hizkuntza fonetikoki desberdinak), karrera profesionalaren aldaketa (giza baliabideen arlotik irakaskuntzara), kultur hutsunea eta hemengo kultura ezagutzen hastea, antzeko komunitate bateko pertsona gutxi ezagutu izana eta lagunarterik eza. Horri guztiari aurre egiteko, irtenbideak topatzen saiatu zen: “Zenbait konponbide sortu behar izan nituen, hala nola antsietatea eta itxaropenak kudeatzen ikasi, neure buruarekin bakean egoten ikasi, aukerak toki-mailan bilatu, baikorra izan eta jakinduriaz hautatu, ikuskera progresiboaz ikasten jarraitu eta, etorkizunari begirako aukerak mugatu barik, arriskuak nire gain hartu”.
Hainbat pasadizo kontatu eta egungo lanpostua nola lortu zuen azaldu ondoren, aholkuak eman zizkien parte-hartzaileei berak bizi izan zituen egoera zailei aurre egiteko: “Itxaropen guztiei eutsi behar zaie, eta espektatibarik izan ez. Konfiantza izan behar da, ausarta izan, zuhurtziaz arriskatu, eta ez da amore eman behar. Jomugan, lortu nahi den hori izan behar da beti, baina baita nahi ez dena ere. Ikuskera irekia izan behar da. Azkenik, inguruko guztia aztertu beharra dago, ezagutzeko”.