World Cuisine League ekimenaren beste saio bat nazioarteko komunitatearen networkinga sendotzen jarraitzeko
2020/12/23
- Daniela Gesmundo hizkuntzalari italiarrak bere herrialdeko jaki tipiko bat nola prestatu azaldu eta Euskadira etorri zenetik bizi izaten ari den esperientzia profesional nahiz pertsonalaren berri eman du
Bizkaia Talentek online topaketak antolatzen segitzen du, nazioarteko komunitateak harremanetan jarraitzeko eta haren networkinga sendotzeko helburuarekin. Horretarako, besteak beste, World Cuisine League antolatu du, Relocation & Be Basque Dual Career Centre zerbitzuaren barruan.
Zehazki, joan den abenduaren 17an, ostegunean, ekimen horren bigarren saioa egin zuen. Italiari eskainia, Daniela Gesmundo hizkuntzalari eta italiera-irakaslea izan zen protagonista, orain moda-aholkularitza pertsonalean diharduen Bilboko enpresa batean lanean ari dena. Danielak, patata-gnocchiak nola prestatu azaltzeaz gain, hiri-aldaketa eta toki berri bat ezagutzeko prozesua nola kudeatu zituen jakinarazi zuen.
Gesmundok adierazi zuen “izugarri” gozatzen duela aipatu jakia bere senideentzat prestatzen, gogokoenetakoa duelako, eta Bilbon bizi izaten ari den lan-esperientziarekin alderatu zuen: “Errezeta erraz-erraza dirudien arren, beti egin behar diezu leku intuizioari eta eskarmentuari”.
“Lan-munduan moldatzeko, zenbait errezeta izan ditzakezu, haiei jarrai diezaiekezu, baina beti dago kontrolatu ezin duzun zerbait, tresna berak egoera guztietan berdin erabiltzen uzten ez dizuna” nabarmendu zuen Gesmundok, hala nola “nor bere buruarekin koherentea izatea eta unean uneko pertsonei eta giroari egokitzeko gaitasuna edukitzea” oso garrantzitsua dela.