Bizkaia Talentek online mintegia antolatu du atzerrian lan egin ondoren lurraldeturiko langileek Bizkaian dituzten zerga-abantailen berri emateko
- Bizkaiko Foru Aldundiaren parte-hartzearekin, hark eskaini baitu bideokonferentzia, euskal elkarteak lurraldeturiko langileentzako zerga-araudi berezia zehatz-mehatz ezagutzeko antolatu du saioa
Bizkaia Talentek berriki antolaturiko online mintegian, 500 profesional inguruk hartu dute parte, gehienak Be Basque Talent Network sareko kide eta beren jarduera profesionala atzerrian garatzen dutenak. Maite Robredo Bizkaiko Foru Aldundiko Finantza Saileko Ikuskari eta nazioarteko zerga-sistemetan adituaren eskutik, zerga-araubide bereziak lurraldeturiko langileei eskaintzen dizkien abantailak eta eskaera egin ahal izateko bete beharreko baldintzak ezagutu dituzte.
Araubide honi esker, lurraldeturiko langileak %35era bitarteko kenkaria izan dezake Bizkaiara bizitzera etortzen denetik eta hurrengo sei urtean, baldin eta aurreko bost urteetan, gutxienez, Espainiako estatutik kanpo bizi izan bada. %15eko salbuespena lan-etekin osoei dagokie (ikerketa- eta garapen-jarduerekin, zientifiko, tekniko edo finantzarioekin zuzenean eta nagusiki loturiko prestakuntza bereziko eginkizunak betetzetik eratorritako etekinak), eta joan-etorrien ondoriozko gastu batzuk kentzeko aukera ere badago (aipatu eginkizunak betetzeagatik eskuraturiko etekin osoen %20ko mugarekin).
Robredok xehetasunez azaldu du nori aplika dakiokeen araubide berezia, zein baldintza bete behar diren eta zein abantaila eskaintzen dituen, eta, adibide ugari jartzeaz gain, entzuleei sorturiko zalantzak argitu ditu.
Aipatu beharra dago Bizkaia Talentek lurraldeturiko langileentzako zerga-araubide bereziaren gaineko galderarik ohikoenei (baldintzak, epeak, kuantifikazioa eta egiaztapena) erantzuteko informazio-gida bat duela bere sareko kideen eskura, bai eta bertan izena ematen duen goi-mailako prestakuntzadun edozein profesionalen eskura ere.