Bizkaia talentek epea irekiko du CERU elkarte zientifikoaren laguntzaz Young Basque Investigator Award sariak emateko
2017/03/13
- Guztira, hiru sari emango dira: lehenengoaren zuzkidura ekonomikoa 5.000 eurokoa izango da; eta gainerako biena, 1.000na eurokoa
- Saria Bizkaia talentek babesten du, eta ondo baino hobeto prestatutako euskal herritarren nazioarteko lan-ibilbidea aitortzeko garatzen duen jarduketa-lerroaren barruan dago kokatuta
Bizkaia talentek euskal talentuaren aldeko apustua egiten jarraitzen du berton nahiz bertotik kanpo. Hori dela eta, berriki lankidetza-hitzarmena sinatu du Erresuma Batuko Zientzialari Espainiarren Elkartearekin (SRUK/CERU), interes bateratuko jarduerak zein proiektuak abian jartzeko eta biek garatutako ekintzak areagotzeko eta zabaltzeko.
Bizkaia talenteko zuzendari gerentea den Ivan Jimenezek azaldu duenez, “horrela, ikertzaileen mugikortasunerako programa bateratuak azaldu eta abian jarri ahal izango dituzte, bi erakundeetako ikertzaileen arteko elkarreragina zein harremana sustatzen dituzten ekitaldiak antolatu eta garatu ahal izango dituzte batera eta Euskadiren zein Erresuma Batuaren arteko I+G+b-ko proiektu bateratuetako partaidetza sustatu ahal izango dute”.
YOUNG BASQUE INVESTIGATOR AWARD
Lankidetza horren ondorioz garatuko diren ekintzen barruan, “SRUK/Bizkaia:talent Young Basque Investigator Award” sariaren sorrera nabarmendu beharra dago. Sariak, hain zuzen ere, bere ikerketa-jarduera Erresuma Batuan garatzen duten euskal gazte ikertzaileen lan-ibilbidea aitortzea eta laguntzea dauka helburu.
“Gaur, saria lortzeko izangaitzen aurkezpenerako epealdiari emango zaio hasiera. Saria bera Bizkaia talentek babesten du, eta ondo baino hobeto prestatutako euskal herritarren nazioarteko lan-ibilbidea aitortzeko garatzen duen jarduketa-lerroaren barruan dago kokatuta”, adierazi du Jimenezek. Kasu honetan, hain zuzen ere, gazte zientzialariei eman nahi zaie sektoreko arlo berritzaileenak beka zein programa berezien bitartez ikertzeko aukera.
Besteak beste, honako hauexek izango dira sarietarako izangaiek bete beharreko eskakizunak: SRUK/CERU elkarteko ohiko bazkidea izatea; honako arlo hauetako ikerketa-jarduera garatzen dela egiaztatzea: natura-zientziak, ingeniaritzak, humanitateak eta gizarte-zientziak; Euskal Autonomia Erkidegoan jaio izana edo erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egotea eskabidea bidali baino bi urte lehenago gutxienez; gutxienez ikerketa-lanaren urtebete garatu izana Erresuma Batuan; 40 urte baino gutxiago edukitzea; lizentziatura/ingeniaritzako titulua edo gradua edukitzea; masterra, doktoretza edo doktoretza ondokoa edukitzea; eta doktoretza ondoko esperientzia 5 urtetik gorakoa ez izatea deialdia ixten den egunean.
Izangaiak ebaluatzeko orduan, eskatzailearen curriculumaren kalitatea, ikerketari buruzko memoria eta motibazio-gutuna hartuko dira kontuan. Era berean, modu berezian ebaluatuko dira Erresuma Batuaren eta Euskadiren arteko mugikortasuna kontuan hartzen duten eskabideak. Hartara, saria merezimenduen lehiaketaren bidez esleituko zaie zehaztutako epean aurkeztutakoen artean puntu gehien lortu dituzten eskabideei.
“Guztira, hiru sari emango dira: lehenengoaren zuzkidura ekonomikoa 5.000 eurokoa izango da; eta gainerako biena, 1.000na eurokoa”, iragarri du zuzendari gerenteak. Horrez gain, bere esanetan, “2017ko irailaren 18tik 20ra Bilbon egingo den Science+ topaketaren esparruan banatuko da saria”.
Parte hartu ahal izateko, izangai guztiak erregistratu egin beharko dira, eta horretarako garatutako web-plataforman eskatutako informazioa bete beharko dute esteka honen bidez: https://extranet.bizkaiatalent.eus/access.php
“Sari berritzaile hau irabazteko eskakizunak betetzen dituzten goi-prestakuntzadun profesional guztiei eskatu nahi genieke euren izangaitza 2017ko maiatzaren 5a baino lehenago aurkezteko. Era berean, zorte ona ere opa diegu”, esan du amaitzeko Ivan Jimenezek.
Izangaitzak jasotakoan, SRUK/CERUko Lantalde Zientifikoak ebaluatuko ditu, eta elkarteko Zuzendaritzako Batzordeko kideek eta Bizkaia talenteko ordezkariek osatutako epaimahai mistoak esleituko du saria.
Informazio gehiago jaso nahi izanez gero, izangaiek basquetalentawards@bizkaiatalent.eus helbidera bidali ahal izango dute mezua, plataformari buruzko galderak egiteko; eta awards@sruk.org.uk helbidera, deialdiari buruzko galdera orokor eta zehatzak egiteko.
Informazio gehiago lortzeko, erantsitako fitxategi honetan ikusi ahal izango dituzu sarien oinarriak. Guide for Applicants_SRUK_BT Young Basque Investigator Award (2017/03/29 azken eguneraketa)