(EU) Urdaibai Bird Center, teknologietan oinarritutako berrikuntza transbertsalaren eredu
ENoLL Europako Living Lab Sareak eta Munduko Bankuak argitaratu duten gidan hiritarren berrikuntzako nazioarteko15 kasu nabarmentzen dira, eredugarri izan daitezkeenak lurraldearen garapen sostengarrirako. Argitalpenak jasotako kasu arrakastatsuetako bat Urdaibai Bird Center Bird Living Lab-a da, Urdaibai Biosfera Erreserbaren erdian (Gautegiz, Arteaga) kokatuta dagoen zentroa.
Zentro hori, non ikerlari, enpresa eta eragile publikoek parte hartzen baitute, aitzindari bihurtu da hegaztien monitorizaziorako IKT konponbideen erabileran. Citizen-Driven Innovation: A guidebook for city mayors and public administrators gidak dioenez, Urdaibai Bird Center gai izan da lurraldeak garapen arloan dauzkan aukera mugatuak (biosferaren erreserba baten barruan dagoelako) gotorleku bihurtzeko, ikerketaren eta enpresa ekimen berrien aldeko apustua eginaz.
Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gaia Klusterraren laguntzarekin bultzatutako zentro hori hegaztiak eta beren migrazio patroiak monitorizatzeko ikerketa teknologikoan espezializatu da. Garatutako IKT konponbideak beste jarduera batzuetan ere aplikatu daitezke, zeintzuetan garrantzitsua baita trazagarritasuna kontrolatzea, esaterako logistikan, garraioan, segurtasunean edo sektore aeroespazialean. ENoLLek eta Munduko Bankuak argitaratu duten gidan Urdaibai Bird Center-en diziplina anitzeko ikuspegia nabarmendu dute, konponbide teknologiko berriak ikertzeko proiektuak bultzatzen baititu enpresa aukera berriak eta aldi berean inguruneari buruzko ezagutza sortzeko.
Citizen-Driven Innovation argitalpenaren asmoa da mundu osoko arduradun politikoentzako eta aldaketa eragileentzako inspiratzaileak izan daitezkeen kasu arrakastatsuak ezagutaraztea. Gidak, ENoLLen atarian eskuragarri dagoenak, adibide ugari eskaintzen ditu: laborategi hiritarrak, konponbideak ko-diseinatzeko parte-hartze prozesuak eta sostengarritasunerako teknologien erabilpen berritzaileak.